Lide Hernando.
'Ekografiak'

Hegazkinetako pantailak

2025eko ekainaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zazpi hegaldi hartu behar izan ditut azken bi asteotan. Batzuk motzak; besteak, ordea, nahi baino luzeagoak. Gisa horretako hegaldiak hartzera ohituta zaudetenok badakizue zer ekartzen duen horrek: lepoko kuxinak, orfidalak, otordu tristeak, zurrundura, asperdura infinitua. Eta besaulkietako pantailak.

Harritzen nau hegazkin konpainiek ikus-entzunezko berritasunekiko duten pribilegioak. Diot, zineman duela hiru aste egondako filmak ikus daitezkeela bertan: egun oraindik Anora ez duzu plataforma askotan topatuko, baina Iberiaren Mexikotik Madrilerako bidaian, ordea, bai. Izan ere, martxoan Oscar sarietan egondako izenburu asko ikusi nituen bertako katalogoan: The Brutalist, Anora, A Complete Unknown, The Conclave. Gehienak ikusi gabe nituela eta, betiko antsietateak inguratu ninduen behin aireratutakoan: nola egin ahalik eta film gehien ikusi eta hala ere deskantsurako tarteren bat hartzeko?

Nire ingurua behatzen hasi nintzen, erantzun bila. Ondoko emakumeak ez zuen pantaila piztu ere egin. Ezta bidaiaren nondik norakoez jabetzeko ere. Tarteka begiak puntu zehaztugabe batean pausatuta ikusten nuen, orain askotan oker esaten den moduan, disoziatzen. Izan zitekeen kulturarekiko axolagabeagoa? Korridorearen bestaldeko gizonaren hautaketan jarri nuen gogoa: Get Him to the Greek ikusten ari zen. Barkatu? Sarituak izandako hainbat film dituzu eskura, klik batean ikusteko moduan, eta komedia yanki hutsal bat jartzea erabaki duzu? Momentuan epaitua izaten ari den P. Diddyk antzezten duen filma, gainera? Otordua banatu zutenean eskatutako garagardoa ondokoaren gainera bota zuela ikusi nuenean, irribarrea atera zitzaidan: guztiak zentzua du. Nire aurrean zegoen mutil gazteak, azkenik, ingelesez azpititulatutako film korear bat jarri zuen; izenburua ere ezagutzen ez nuena. Tentuz, haren janzkerari erreparatu nion: bermudak, totebag-a, betaurreko borobilak. Nola ez ba!

Eta nik, zer? Bada, loak harrapatzerik nahi ez nuela eta, Wicked hautatu nuen azkenean. Lan burutsuagoen zalea naiz normalean, e, ez pentsa, baina kolore bibranteak eta musika amaiezina behar zituzten nire neuronek.

Nire atzean zegoenak nik egindako erradiografia bera eginez gero aterako zituen ondorioetan pentsatzean, barre egin nuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.