Gure telebista publikoak maiatzean lortutako datu eskasak azaldu zizkigun Urtzi Urkizuk. Izan ere, ETB2k maiatzean inoizko audientzia daturik baxuena lortu du. Larritzekoa da, esanguratsua eta, behingoz, hausnartzen hasteko modukoa. Bigarren katea da, Galarragak behin eta berriz errepikatzen digun legez: «Partida inportanteak jokatzen diren tokia». Horrela bada, partida inportanteak bertan jokatzen baldin badira, horrek izan beharko luke diru iturri handiena jasotzen duen katea dela. Gogora dezagun, guk geuk ordaintzen dugun telebista izateaz gain, publizitatea ere badela hedabideak duen beste diru iturri bat. Audientziak behera egiten badu, nork jarri nahiko du iragarkia katean? Edo beste modu batera esanda: ikus-entzuleak dirua dira.
Eman dizkigute hamaika arrazoi, tartean digitalizazioak merkatua polarizatu duela. Hau da, eskaintza gero eta handiagoa da, beraz, baita konpetentzia ere. Haatik, Hegoaldean Atresmediak eta Mediasetek gora egiten duten bitartean, ETBk behera egiten du. Espainiako bi taldeek publizitate sobera dute. Hainbeste, isuna jarri dietela ezkutuan publizitatea egiteagatik. Arratsaldean ematen duten txutxu-mutxuen inguruko saio batean osasun tartea egin zuten, eta telepromozio tankera zuelako zigortu dute. Isuna bikoitza da: beste alde batetik, eduki sexualak eman dituztelako ordutegiz kanpo. Beraz, eredu horiek islatzen dutena gorputz kontrola da. Nola? Eder egoteko osasuntsu egon behar dela sustatzen dutelako, eta harreman sexualak izateko gorputzaren itxura jakin bat izan behar dela islatzen dutelako. Sexua erabiltzen dute audientzia lortzeko. Gizakion izaera primitiboari erreparatzen diote, eta soka beretik jaio dira gure telebistak emititzen dituen hainbat saio. Estereotipoei jarraiki, pentsa daiteke euskaldunok sentimenduak azaleratzeko arazoa daukagula eta horregatik tankerako saio sentimentalek porrot egiten dutela gurean. Edo pentsa daiteke, baita ere, Espainiako telebistek dagoeneko egiten duen eskaintza baldin bada, zertarako ikusi behar dugun estilo berdina duen eduki bat ETBn. Betiko galdu al du ETBk sorrerako esentzia? Existitzen al da beste eredu bat telebista errentagarria izan dadin? Ez bada saiatzen, ziur ezetz. Lagunduko luke begirada hegoaldean jarri baino iparraldean jartzeak.

EKOGRAFIAK
Hegoak ebaki banizkio II
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu