Egia esan, aitortzen dut nekatu bezain penatuta nagoela gure telebistak lortzen dituen audientzia datu eskasen inguruko kritikak behin eta berriz entzun eta irakurtzeaz. Zergatik ez esan: telebista maite duenarentzat ez da pozgarriena aparatoaren aurrean paratu eta ikusten duenarekin kostata asetzea. Haatik, bihotz atzeko tokitxo ñimiño batean badut oraindik noizbait geroz eta kaskarragoak diren datuei buelta eman eta apurka ETB berpizteko esperantza. Jarrera erromantikoa izango da, baina ETB ezin da hil. Ezin dugu hiltzen utzi. Ezin dugu galdu. Baina zergatik? Jaiotzeko indarra eman zion motibazioz betetako helburu zehatz arrakalatzailea. Baita identitarioa ere; herri bezala nortasun propioaren eraikuntzan ezinbesteko pieza zela barneratu zuten askok. Hizkuntzaren normalizazioaren alde lan egingo zuela, eta, soka beretik, gure kulturaren alde. Hiru hamarkada baino gehiago igaro dira ordutik. Hegaldi luzea egin du txoriak, sarri askotan nekeza eta konfiantzarik gabekoa. Esate baterako, neurri batean audientziaren mesfidantza eragin zuten Lehendakaritzaren gobernu aldaketarekin bat etorri ziren aldaketak. Estrategia aldaketa burutu zutela iruditu zitzaigun ikusleoi. Nola? Alde batetik, kontu politikoak medio, eguraldiaren mapa aldatzeko agindu zutelako. Tamalez, Txoministak-en desioetatik urrun dagoen helburuari men eginez gehitu zioten zortzigarren probintzia. Beraz, ordura arte gure iruditerian lotu genuen euskal nortasuna eta batasuna modu batera edo bestera hautsi nahi izan zuten. Beste aldetik, hegoaldetarrok gainontzeko telebista kateetan ikus genitzakeen tankerako saioak ikusten hasi ginen. Adibidez, España directo tankerakoak. Aldatu zen pertzepzioa, aldatu zen konfiantza, inoiz baino gehiago telebista kontu politikoa zela ulertu genuelako. Gobernu aldaketa ez da ETBren gainbeheraren arrazoi bakarra. Horrela pentsatzea errealitatean ikuspegi mugatua izatea da, audientzia datuetan beti izan baitira gorabeherak. Eta horri guztiari etxe barruan gertatu diren eta gertatzen ari diren langileen egoeraren ingurukoak gehitu behar zaizkio. Ahaztu gabe, teknologiak aurrera egiten jarraitzen du.
Hainbeste joan-etorrirekin, ordea, ba al daki txoriak nora joan nahi duen? Akitua dago? Ba al daki ikusleak telebistaz zer espero duen? Gaur egun, ba al du helbururik ETBk?

EKOGRAFIAK
Hegoak ebaki banizkio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu