Lide Hernando.
EKOGRAFIAK

Hiltzailea den ala ez berdin duenean

2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Badira aktore batzuk, ez soilik euren antzezteko dohainarengatik, baita euren ibilbidean zehar paperak hautatzeko izan duten begi onarengatik ere, asko miresten ditudanak. Askotan, gainera, bigarren mailako rola izan ohi duten aktoreak dira. Horietako bi dira John Turturro handia The Big Lebowski, Oh Brother, Severance... luzeegi jo nezake eta Riz Ahmed Nightcrawler edota Sound of Metal—. Bada, bi izar hauek batu zituen The Night Of telesailari buruz hitz egin nahiko nuke gaurkoan.

Atal honetan gehienbat argitaratu berri diren edukiei buruz hitz egingo dudan arren, garrantzitsua iruditzen zait tarteka gaurkotasunaren diktaduratik askatu eta urte batzuk dituzten eduki interesgarriak gomendatzea. 2016. urtean HBOn argitaratu zen The Night Of telesail laburrak ikusi-beharreko egiten dituen ezaugarri asko ditu. Horrexegatik gomendatu nahiko nioke orduan topatu ez zuenari.

Aitari lapurtutako taxiarekin Manhattanen jaso duen neska ezezagun baten etxean gaua igaro ondoren, Naz gazte pakistandarrak (Riz Ahmed), esnatu, eta neska ohean erailda aurkituko du. Beldurtuta, gazteak ihes egingo du, baina handik gutxira atxilotu egingo dute, eta hilketaren susmagarri bakarra bihurtuko da. Premisa honekin hasten da istorioa; ostera, Jack Stone (John Turturro) fama kaxkarreko abokatua sartuko da gazteari kasuan laguntzera. Telesailak gai sozial mamitsuak beharrezko intimismo dosi batekin uztartzen ditu: asiar etorkin baten ezinbesteko susmagarritasunak bere familia txiroari dakarzkion desgraziak, edota kartzelak ustez errugabe eta zintzoa den norbait nola usteldu dezakeen. Ahmeden pertsonaiaren isiltasunak edozein gidoik baino hobeto hitz egiten du; errugabe beste ezer izan ezin diren begi handi horiek, bere gorputz-adierazpenak eta bere gorputzaren eraldaketak, kartzelan hilabeteak egin ahala. Gustuko dut nola thrillerra dirudien telesailak, hilketa argitzean baino, susmagarriaren eta abokatuaren narriaduran jartzen duen fokua. Metaforak eta sinboloak nonahi topa daitezke, halaber: Turturroren pertsonaiaren oinetako sarna istorioarekin batera paraleloan garatzea puntu bikaina iruditu zait.

Ahanzturan erori ezin den harribitxia da zortzi ataleko lan hau; HBOko telesail laburren podiumean egotea merezi duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.