Aritz Galarraga.
EKOGRAFIAK

Hiru koroen erresuma

2016ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Buf, eskerrak hasi diren behingoagatik umorezko telebista saio berriak, hain maitagarriak egiten zaizkidanak. Etsiak jota nengoen honezkero. Palaciosek aipatu zituen bi: Casados a primera vista eta Mejor llama a Pilar. Nik gehituko nuke nire maiteena, umorezko telebista saioen artean erregea. Edo erregina. Edo zuzenean printzesa: Un principe para tres princesas. Joan den astean estreinatua, Cuatro katean, Un principe para Corina/Laura haien bariante bat da, Granjero busca esposa, ¿Quién quiere casarse con mi hijo? eta gainerakoen sokakoa. Ezer berririk ez, beraz, betiko gauza bera, baina oraindik ere ondo asko funtzionatzen duena. Gakoa: edizio lana eta bertan agertzen diren pertsonaiez barre egiteko aukera. Pertsonaiez, bai, ez pertsonaiekin. Kontziente dira haiek ere honezkero —edo beharko lukete—.

Baten lekuan hiru printzesa, hartara, elegante, diskretu, lañoak. Bata da blond-a eta tradizionala —«liburuak irakurtzen ditut, eta horrek asko hunkitzen nau»—, bestea ilegorria eta exotikoa —«musulman-coola naiz: urdaiazpikoa jaten dut, xanpaina edan»—, eta hirugarrena beltzarana eta salbaia —«bizitzak lehertzeko zaletasuna daukat, bai»—. Eta hogeita lau dira konkistatzaileak —ez, zorionez, munduaren bukaerakoak—, adoretsu, kultu, umilak. Bere buruaz maiteminduta dagoen tipo bat: «Ez naiz nartzisista, baina nire burua maite dut». Suhiltzaile bat, piromano izandakoa. Argentinako bilbotar bat, Barsazalea, baina euskaraz hitz egiten dakiena: adibidez, «kaina bat» esaten. Eta akaso guztien artean maitagarriena, Tuterakoa: «Jatorrizko izendapena daukat: asko gustatzen zait Nafarroa, eta nire ametsetako neskak Tutera non dagoen jakin behar du, besterik ez». Gainera, Foru polizia izan nahi zuen, baina oposaketak atera ez, eta B plana jarri du martxan. Eneko Larrartek fitxatu beharko luke bere udal gobernurako. Denak maiteagatik edozer egiteko prest daudenak. Pasioz, sentiberatasunez eta artez betetako ipuin batean. Baina baita oztopo, traizio, sentimendu basatiz betetakoan ere. Kupidok berak eskuak garbituko ditu maitasun istorio honen aurrean. Jarri diote izena: hiru koroen erresuma.

Eskerrak hasi diren behingoagatik umorezko telebista saio berriak, hain maitagarriak egiten zaizkidanak. Etsiak jota nengoen honezkero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.