Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Histerikoak

2023ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Histeria hitza hysteron (umetoki) hitzetik dator, eta etimologian bertan argi dago mendeetan zehar emakumeekin, eta zehazki emakumeen sexualitatearekin lotutako kontzeptua izan dela. Oso ondo azaltzen du histeriaren kontzeptuaren eboluzioa Nagore Irazustabarrena historialariak Oroimen Histerikoa izeneko podcastaren bosgarren atalean. Emakumezkoen ugaltze-aparatuarekin loturiko gaixotasun edo anomalia lehen, deabrutzearen sintoma gero, buru-nahasmenaren seinalea edo haur-trauma baten ondorioa, iraintzeko hitza izaten amaitzeko... Beti genero-aurreiritziekin lotuta.

Eta, iraintzeko erabili diren beste hitzekin gertatu den bezala, «erreapropiazioa» eginez eta«umetoki herrariak, dantzariak» erreibindikatuz azaltzen du egileak saioaren izena. Egia esan, horrek eraman ninduen entzutera, galegoz egiten den Històricas histèricas Marisol Reyesen Históricas e Histéricas eta Kataluniako Histèria Col.lectiva-ren podcastekin lotu bainuen. Hurbildu naizenean, berriz, ez dut topatu emakumeek historian jokatutako paperaren inguruko saioa, baizik eta, H handiz idatzitakoaren ondoko eguneroko historiak osatzen dituzten efemeride edo kontakizunak, «historiak diren istorioek txoratzen gaituztenon podcasta» edo txutxu-mutxu historikoen azalpena, alegia. Horrek ez du esan nahi emakumeek egindakoa goraipatzeari uko egiten diotela, eta, adibidez, hamazazpigarren atalean automobilarekin loturiko hobekuntza batzuk (haizetako-garbigailu, berogailu edota keinukaria) emakume ezberdinek asmatu zituztela ezagutarazi digute.

Ordu laurden inguru irauten duen atal bakoitzean, Irazustabarrenak eta Axier Lopezek emisio-datarekin loturiko une historiko, urteurren edo asmakizun baten inguruan kontakizun edo bitxikeriaren bat azaltzen dute, gaiarekin bat datorren musika bandak lagunduta, historiaren alde dibertigarriena erakutsiz.

Eta historiari buruzko saioez ari naizenez, ez dut aipatu gabe utzi nahi Gasteizko Naiara Lopez de Munain kazetariak eta Isabel Mellen historialariak egiten duten Divulvadoras de la Historia podcasta, non gaurkoa ulertzeko iraganaren irakurketa feminista egiten duten. Batzuek, feminismoari esker, ikasi genuen eskola-liburuetan irakatsi ziguten historia ez zela Historia, gizonek (garaileek) egindako kontakizuna baizik, eta gustuko dugu historiari egiten dioten begirada morea. Urriaren 20an, zuzenean izango dira Gasteizko Aldaben.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.