Lide Hernando.
'Ekografiak'

Historiaren istorioa

2025eko uztailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Patria (2020), La línea invisible (2020), Maixabel (2021), La infiltrada (2024), La frontera (2025), eta orain, Un fantasma en la batalla. Pandemiaz geroztik estreinatutako lanak dira denak, film zein telesail. Komunean dutena ez da ETA soilik; beste hainbat gaik zeharkatzen ditu izenburu horiek; eta gaurkoan, kasualitatea edo ez —uztailaren 7an idazten ari bainaiz hau, batzuontzako efemeride preziatu batek 40 urte betetzen dituenean—, horien inguruan hausnartzeko gogoz jaiki naiz.

ETAren atentatu batek okertutako adiskidetasun harreman bat kontatzen du Patria-k; erakundearen lehen hilketa oroitu La línea invisible-k; alargun batek bakearen alde egindako lana Maixabel-ek; erakundea desartikulatzeko eginiko lan polizial ezkutua, azken hirurek —emakumeen presentzia areagotzeko asmo argi batekin, gainera—. Argi dago ETAren jarduera armatuak askorako eman duela, baina gure historiaren zati ilun horrek zauriak itxi gabe dituen honetan, lubakiaren alde batekoek jada euren makineria guztia jarri dute martxan errelatoa behin betiko idatzita uzteko. Hasteko, aipatutako ekoizpen guztiak gazteleraz egin izanak informazio baliagarria eman dezake. Guk euskaraz izan dezakegu Desagertuta bezalako thriller nerabe bat; Loreak bezalako drama intimista bat; edo 80 egunean eta Ander bezalako harrotasun aldarrikapenak. Baina ETAren inguruan euskaraz eginiko lanek, ai, horiek ez dute argi askorik ikusiko.

Esfortzu nabarmena egiten dute ekoizpen horiek, halaber, onak eta gaiztoak bereizten bainoago, azkarrak eta tuntunak zeintzuk diren argi uzteko. Badirudi orain errelato aldetik manikeismoan erortzeak fama txarra hartu duela eta, gaizkile zikoitzen moldea erabili beharrean, gaizkile ergelak efektu hobea eragiten duela ikuslearengan. Protagonisten gizatasuna, azkenik, izango litzateke historiaren istorioa irensteko azken efektu kolpea; guardia zibil infiltratu bat atsegin suertatzeraino.

Hau idazten ari naizen egunotan, 40 urte bete dira Pitik eta Sarrik kartzelatik ihes egin zutenetik; eta pasa den igandean, Monterron parkean, hainbat alditan entzun zen kartzelak suntsitzearen kontsigna. Fikzioa sortzeko boterea dutenek idatziko dute errelatoa, baina pantailei begira ez gaudenean, lubakiaren bestaldetik oihuak ozen entzuten dira oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.