Arantza Gutierrez Paz.

Hobeto, kalte

2024ko otsailaren 4a
05:00
Entzun

Artikulu hau irakurtzen ari zareten asko ostegunetan gaueko bederatzietan pintxo-potean egon ohi zarete, edo ikasleen osteguna gozatzen (nire ikasle-garaian, ostegun giputzak deitzen ziren Bilbon, Gipuzkoatik ikastera joan ginenok egun horretan parrandan ateratzen baikinen, ostiralean etxera itzultzen ginen-eta)… Hala ere, nahieran entzuteko aukera duzue, prime-time deituriko ordutegitik kanpo Euskadi Irratian eskaintzen den Hobeto, kalte saioa.

Esaera baikorra da hau, printzipioen adierazpen zuzena; izan ere, lagunek «Zer moduz?» —Zelan?, bizkaieraz— galdetzen digutenean, «Ongi!/Ederto» erantzuten dugu, gure balizko zorigaitzak alde batera utzita. Urrats bat harago doa Maialen Oterminek gidatzen duen irratsaioaren aldarrikapena, hobeto bizitzeko gakoak ere ematen saiatzen dela aitortu baitzuen lehenengo saioan. Maitasunez egindako irratsaioa, esango nuke, eta aditzean esataria sumatzen dut irribarre handia aurpegian, mikrofonoaren aurrean, periferian dauden (baztertzen ditugun?) pertsona batzuek dituzten bizipenak erdigunean jartzen: itsu edo gor diren pertsonek mundua nola hautematen duten; gaixotasun arraroren bat, hiperaktibitatea edo adimen-gaitasun handia duen pertsona batek munduari nola begiratzen dion, edo estresak, errekreorik gabeko bizimoduak gugan nola eragiten duen, besteak beste. Azpimarratu nahi ditut helarazten dizkigun mezuen baikortasuna eta gure bizitza hobea izan dadin ematen dizkigun gakoak, errazak eta aldi berean betetzeko zailak.

Maialenek «bere motxila hartu», eta protagonistengana heltzen da astero. Testigantzak jasotzen ditu, eta norberaren bizipenak aitzakiatzat hartuta, azaleraturiko gaiaren inguruan aritzen da aditu batekin. Arreta jarri nahi dut urriaren 12ko saioan, non Euskal Gorrak federazioko kideak elkarrizketatu zituen. Ainhoa Atxa interpreteari esker posible izan zen solasaldia. Erronka ederra! Ziur nago ez dagoela horren aurrekaririk irratian, soinuen mundutik at baitaude entzumena galdu edo inoiz izan ez duten pertsona horiek. Hala ere, aurkezlea ausartu zen, eta isiltasun mundu horretatik errealitatea nola jasotzen duten eta nola komunikatzen duten transmititu.

Horrelako gai eta protagonistek ez dute lekurik agenda setting deiturikoan edo goizeko tertulietan, baina irrati publikoak bozgorailua eskaini behar die gizartearekiko duen konpromisoari erantzun nahi badio, behintzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.