Lide Hernando.
EKOGRAFIAK

'Hype' gehiegi?

2023ko azaroaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bukatu arte itxarongo nuela zin egin nion neure buruari, baina ezin izan diot eutsi. Gaizka Izagirreren duela hilabete inguruko txioa irakurri izanak jada intriga eragin zidan: «Nire iritzia irmoa da: La Mesías Espainian inoiz egin duten telesailik onenetakoa da». Uau. Movistar Plus plataforman sartu, eta bilatzen nuen zelulosazko urre hori astean behin, tantaka, botako zutela ikusi nuenean, dezepzioa sentitu ordez, itxarotearen erronka nire gain hartzeko baliatu nuen. Baina, pare bat kapitulu ikustea falta zaidan honetan, ezin dut gehiago: honi buruz hitz egin nahi dut.

Bai, ni ere ados nago Izagirrek aurreko Ekografiak batean esan zuenarekin: askotan, eduki batzuk atseginez ikusi baino, nahiago dugu era bulimikoan ikusi, dena aldi bakarrean, gero lagunartean edota sare sozialetan gure iritzia okada balitz bezala botatzeko. Nik, egia esan, nahiago izaten dut telesailak jarraian ikusi, astebetez kapitulu bakoitza ikusteko itxaroten egon baino. Eta arrazoia, gehienbat, memoriarekin lotutakoa da: astean behin ikusiko banu, ziur naiz kapitulu bakoitzeko xehetasunak ahaztu egingo zitzaizkidala, burua hamaika gauzatan baitaukat.

Baina goazen gaurkoaren muinera: La Mesías, Javier Calvo eta Javier Ambrossiren lan berria. Elkarrizketa asko nituen ikusita telesaila behingoagatik ikusten hasi aurretik; bertan, besteak beste, horrenbeste haurrekin nola lan egin duten hitz egiten ikusi ditut, baita elkarrizketatzaileak euren ausardia goraipatzen ere, edukiz eduki generoa eta tonua horrenbeste aldatzeagatik. Sortua zegoen hype-ari, beraz, palakada bat gehiago gehitu diot nik aste hauetan.

Orain, argi eta garbi esan dezaket: oso lan ona egin dute. Haurren interpretazioa aho bete hortz gelditzeko modukoa da. Protagonistarena egin duten hiru aktoreak ere oso ongi daude. Javiak, dudarik gabe, azken urteotan Espainiako Estatutik ateratako sortzailerik ausart, original eta freskoenetarikoak dira. Goraipatzekoa, halaber, bi madrildarrek egindako telesailean horrenbeste katalan entzutea.

Azkenaldiko telesailik onena? Niretzat, ez. Antidisturbios-ek duen borobiltasuna falta du, nire ustez; eta kapitulu batzuek metrajea sobera dutela iruditu zait; batik bat, hasieran. Esango nuke Paquita Salas kuttunago dudala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.