Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Ihintza

2022ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Tele5 katearen aurka gauza asko esan daitezke, eta gaur ez nator zerrenda hori egitera. Aldiz, Rocio Carrascoren dokumentalak sortutako zarata mediatikoa aztertu nahi dut. Bai, aurreko urtean Rocio, contar la verdad para seguir viva dokumentala hasieratik amaierara arte ikusi nuen. Hasieran, dokumentala bakarrik ikusten hasi nintzen, bertako tertulia ikusi gabe, baina azkeneko ataletan tertulia eta guzti ikusi nuen. Saio horrek Rocio Carrascok bizitako tratu txarrei ikusgarritasuna eman zien, eta batez ere bere senar ohiaren aurkako proba dezente aurkeztu zituen.

Ihintzak bezala, saio horrek emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko kontzientzia zabaldu zuen feminismo akademikoa iritsi ez den etxeetara, eta biolentzia jasaten duten emakume askok 016 telefonora deitzea eragin zuen. Alde horretatik ikusita, saioak eragin oso positiboa ekarri zuela esan behar da. Kasu horri esker, indarkeria bikarioaren inguruan asko hitz egin da kate askotan ere. Heriotzan amaitu diren beste kasu batzuk ezagutu direnean, indarkeria bikarioa indarkeria matxistaren beste modu bat dela agerian geratu da. Bestalde, Paolo Vasileren kateak negozioa egin du familia horren dramarekin, eta Rocio Carrascoren inguruko pertsonen zirku mediatikoa berpizteko balio izan du. Dokumentalaren emisioa amaitu zenean bigarren zati bat egongo zela iragarri zuten. Bigarren zati hori udazkenerako aurreikusita zegoen, baina legezko arazoen ondorioz emisioa atzeratu egin zen.

Atzerapen askoren ostean, jada Rocio Carrascok bere dokumentala argitara eman du: Montealto deitu dio. Dokumental horretan, bere amaren etxera itzuli da, eta bertako trapu zikin guztiak ateratzeko prest dagoela dirudi. Lehenengo dokumentala hasi zenean bigarrena segur aski ikusiko nuela esan nuen, baina oraindik ez diot nire denbora eskaini lan horri. Dokumentala ez badut ikusi ere, bertan gertatutako testigantzen inguruan irakurri dut sareetan, eta dokumentala ikusteko gogo gutxi piztu zaizkit. Alde batetik, Rocio Carrascoren testigantza berresten dute, eta, Ana Bernal TriviƱok aurreko ostiralean esan zuen bezala, kateko beste saio askotan Carrascok jasandako tratu txarrak ukatzen jarraitzen dute. Feminismoaren ihintz horrek gutxi iraun du Tele5n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.