Haurrak oporretan dauden honetan, guraso eta aitona-amon asko desesperaturik daude dagoeneko; kasu batzuetan, nekatu ez diren gaztetxoek etxean egiten duten zaratagatik edo anabasagatik, edo, aldiz, pantaila batean pega-pega eginda daudelako eta kanpo-estimulurik txikienak ez dielako begirada distira horretattik aldentzen.
Eskola askotan —uste baino gehiagotan, Eskola Irratia webgunean jasotzen denaren arabera—, irratia bada irakaskuntzarako funtsezko tresna. Urte askotan ibili naiz ikastetxez ikastetxe irratiaren oinarriak azaltzen gerora estudioa ikasgelara eraman nahi izan duten irakasleei. Tamalez, halako egitasmoak —eskoletako beste hainbat bezala—irakasle edo talde zehatz batek daramatza aurrera, eta hori lekuz aldatzean isiltzen dira. Horregatik, pozgarria iruditu zait sortzen ikusi ditudanek irauten dutela ikustea.
Beste artikulu batean aipatu nuen bezala, gazteek gustuko dute irratia egitea, eta asko ikasten dute. Hizkuntzak praktikatzeko ezinbesteko tresna dira, zalantzarik gabe; euskararen erabilera indartzeko, alegia. Euskara, eskola-hizkuntza izateaz gainera, ingurunea ezagutzeko eta azaltzeko hizkuntza da, eta baita, marrazki bizidunetatik harago, komunikabideetako mintzaira ere. Kazetaritza-hizkuntzak eskatzen dituen sinonimoak bilatzen dituzte, esamoldeak, errepikapenak saihesteko formulak..., hau da, euskararen aberastasuna lantzen dute. Bigarren edo hirugarren hizkuntza bat ezagutzeko ezinbesteko tresna ere bada, eta hori ondo ezagutzen dugu belarria egiteko atzerriko kateak aditzen ditugunok.
Inguruan gertatzen denaren kontzientzia ere hartzen du ikasleak. Albiste edo erreportajea idazteak ikerketa bat exijitzen du, Wikipedia ez diren iturri ezberdinak kontsultatzea, protagonistekin hitz egitea, eta gero azaltzea, ahozko mintzaira idatzia erabiliz, entzuleen arreta bereganatuz. Ez da lan makala! Horretarako, noski, teknologia ikasi beharko du; beraz, berriz ere, praktikak bidea ematen dio ikasleari informatikako ezagutzetan sakontzeko, gustuko duen jarduera eginez.
Etxean erraz landu daitezke horiek guztiak: ordenagilu eta mikro batekin gure irrati-tailerra muntatu ahal dugu. Eta saioa lehenengoan ondo ateratzen ez bada, gainera, saiakerak egin daitezke, adibidez, podcast plataforma batean jartzeko, produktua izan arte. Ia konturatu gabe, ahozko irakurketa ere lantzen du haurrak.

IRRATIA
Ikasgela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu