Ikus-entzunezkoetan arreta berezia jartzen dugun garaiotan, irrati kontsumoa, bere zentzu zabalenean ulertuta, handitzen ari dela konturatzea falta zaigu. Horrela diote datu gehienek, Internet bidezko irrati, podcast eta FM irratiak kontuan hartuz gero, gero eta gehiago dira irratsaioak entzuten dituztenak. Xabier Landabideak Arrosa sareko Zebrabidea-n esan bezala, «ez gara ohartzen euskarazko irratietan sortzen den eduki pilaz».
Internet bidezko irrati saioek FM bidez emititu (edo ez) eta uhinetan galdu den hori berriro entzuteko aukera ematen dute. Saio osoa ez baizik zatikatuta eta ondo deskribatua badago, bikain. Eta podcast moduan harpidetzeko aukera ematen badu, hobe oraindik. Sakelako aplikazioa badute batzuek, edota, izan gabe ere, Ivoox.com bezalako aplikazioetan saioak aurkitzeko ematen dute. Berrikuntza teknologikoez gain, berrikuntza orain irratia egiteko ereduetan izango da.
Broma moduan bada ere, Iker Jimenez eredua aipatu izan dut behin baino gehiagotan. SER katean zuen programa arrakastatsua utzi eta Mediaset taldearekin batera abentura berri bati ekiteko ausardia izan duelako. Bere etxetik, baliabide oso gutxirekin, nahi duenean eta nahi duen tamainan egiten ditu programak. Egun batetik bestera, saioak ere asmatu izan ditu. Bere emaztearekin beste izen batekin ere egiten ditu Universo Iker horren barneko saioak. Sareko irratiak parrila moduko bat ere badu; hor egoteko maiztasun jakin batekin egindako saioak txertatzen dira, baina hori da muga bakarra.
Garrantzitsuena, aldiz, elkarrekintzan dago, bere inguruan zegoen komunitatearekin etengabeko harremanean. Mediaset da orain, baina bera da erreferentzia, baliabideak ere bereak dira, bere webgunetik hasita. Ivoox-en ere igotzen ditu ofizialki saioak, eta horren bidez ere jendeak harpidetzeko aukera dauka.
Audioa, Internet, harpidetza eta elkarrekintza batze horretan Mediasetek irratiarekin egin duen hori orain, Be Mad, telebista Internetekin uztartzeko apustuarekin egingo du. Ikerren partaidetzaz hori ere. Leire Palaciosek bere artikuluan esan moduan: «Behingoz, izan da aurrera begira jarri den telebista katerik... aurrerapausoan Mediaset taldeak gidatuko gaitu». Guk egiten ez badugu, behintzat, hala izango da, baina oraingoan ez da baliabide kontua izango.

IRLEN SAREA
Iker Jimenez eredua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu