Une historikoa zela esan zuen Patxi Alonsok ETB2ko lehiaketa berriaren lehenengo saioan. Hitzok emandakoa ez zen harrera makala izan, ezta definitzen dutena langa erdeinagarria ere. Kateak erabat beharrezkoa zuen «formatu klasikoa» berreskuratu duela azpimarratu zuen Alonsok. Proiektuan nabarmenki sinesten duenaren jarrera ezin zaio ukatu. Hori oso ondo dago, baina horretaz gain agerikoa dena da, formatu klasikoa izan edo ez, Teleberri hasi aurretiko tartea bete beharra zegoela. Telecincon belarriekin txaloka ari dira David de Jorgeri esker. Dagoeneko ez du «Viva Rusia!» esaten, orain Putinez nazkatu dela dio, eta «Viva Prusia!» ahoan ibiltzea du gustukoago. Eta zer? Euskal katean %10 inguruko audientzia izaten zuen, eta kate espainolean %25,8 lortu du. Hortaz, ez dakit nork aldatu duen jaka gehiago. Dena den, De buena ley saio laidogarria ordezkatzeko ez bezala, Robin Food arrakastatsuak laga duen hutsunean edozein gauzak ez duela funtzionatuko ondo dakite ETBn. Horrela bada, tankera horretako programa bat, klasikoa izan edo ez, erabaki ona dela deritzot. Ordutegi berean emaitza oso onak izan zituen aurrekaria du, hots, Date el bote. Azken batean eguerdi parte horretan emititzen diren saioak konpainia egiten duten programak dira. Telebista piztuta utzi eta ez dute ikuslearen arreta konstanterik eskatzen. Horrelakoa da Atrápame si puedes lehiaketa berria ere.
Ez da dudarik gogoa eta energia ez zaiola falta aurkezleari. Are gehiago, berak bakarrik lehenengo saioei falta izan zaien indar guztia bildu du. Hala ere, espero zitekeena dela esango nuke; formatua egonkortu arte, gurea bada lehiakide lotsatiak ematen dituen herria. Parte hartzaileek ez badute gatz eta piperra jartzen, espazioaren gidariak jarri behar du. Soberarekin gertatzen zen bezala, izaera aurkezlezentrista duen saioa bihur ez dadin erremedioa sinplea da: lehiakide guztiek eman beharko dute zerbait, Patxi Alonsok dena eman behar ez dezan. Sandro Reyren bolari galdetu ez arren, horrela izatea espero dut. Bestela, saioak irauten duen ordubete horretatik 30 minutu behar badira lehen galdera buelta egiteko, siestara helduko gara bazkaldu aurretik. Baina nago «Zein da Y Medio abizena duen aurkezlearen izena? Pegamento» bezalako une barregarrietara aurki helduko garela.

EKOGRAFIAK
Ikuslea 'atrapatu' ahal baduzu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu