gaizka izagirre
'Ekografiak'

Inbadituak, baina ez garaituak

2025eko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gogoan dut umea nintzela Euskal Herriko zenbait elementu edo aldarri eta Asterix eta Obelix uztartzen zituzten kamiseta batzuk atera zituztela; «Inbadituak baina ez garaituak» zioen zehazki nik soinean oso pozik eramaten nuenak. Obelixek ikurrina zeraman eskuan, lauburuak zeuden irudiaren inguruan eta atzean ageri zen baserri bateko oilo batek intsumisioa kartela erakusten zuen.

Asterix eta Obelix pop kulturaren ikono bihurtu direla oso agerikoa da, baita euskaldunok galiar xelebre horiekin lotura berezia dugula ere: komiki asko euskaraz irakurri ahal izan ditugu, eta ondotik, filmak iritsi zirenean, euskarara bikoiztuta ere ikusi ahal izan ziren haietako asko. Gainera, Bilboko Aste Nagusiko Kaskagorri konpartsaren ikurra ere bada.

Bada, orain egun batzuk estreinatu den Asterix eta Obelix: Buruzagien borroka Netflixek ekoiztu duen animaziozko saio bat da, eta euskaraz bikoiztua estreinatu da.

Abrarakurzixen eta ondoko herrixkako buruzagiaren arteko duelu bat da istorioaren ardatza. Erromatarren konplot landu batek piztu du duelua, galiarren erresistentzia ahultzeko. Panoramix druidak, bestalde, memoria galdu du istripu baten ondorioz eta edabe magikoaren osagaiak ahaztu ditu.

Telesailak Asterixen eta Obelixen unibertsoaren espiritu lotsagabe, komiko eta satirikoa berreskuratzen du, eta gainera, ukitu fresko eta berezia erantsi. Sagaren ohiko ezaugarriak mantentzen dira —satira, izen xelebreak, egoera barregarriak—, baina gaur egungo pop kulturako erreferentzia txikiak ere topa daitezke: Fast & Furious,Star Wars, Chaplin...

Erabiltzen den animazioa ez da oso berritzailea, sarritan ikusitako 3D nahiko tradizionala erabiltzen da, baina ezin da ukatu izaera handikoa dela eta zenbaitetan 60ko eta 70eko hamarkadetako komikiak ekartzen dituela gogora.

Elkarrizketek, eta istorioak oro har, frankiziaren karisma eta xarma guztia dute, baina aldi berean, txantxa berriak eta umore arin oso dibertigarria erantsi diote; familia osoarekin ikusteko ezin aproposagoa da.

Pertsonaia karismatiko horien mundua ezagutzen ez dutenekin eta belaunaldi berriekin oso ondo konektatuko duen telesail bat dela iruditzen zait; alde horretatik, akaso, oso zaleak direnen artean ez du arrakasta berbera lortuko. Oso onerako harritu nau.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.