Ziur azkenaldian sarritan irakurri duzuela Peak TV hitza. «Telesailen burbuila» bezala azaldu daitekeen termino horrek adierazi nahi du iristear dagoela ekoizpen horien gailurra. Pantaila txikian produktu gehiegi dagoela adierazteko adierazpena da, kontrolik gabe estreinatzen dira eta askotan kalitate maila zalantzagarria izaten dute. Adibide nabarmenena azkenaldian Netflix: kantitatea kalitatearen aurretik. FX kateko arduradun John Landgrafek sortu zuen kontzeptu hori, eta duela bost urtez geroztik ekoizpen kopuruen inguruko txostenak argitaratu ditu. 2018. urtean, adibidez, 500 telesail inguru estreinatu ziren, eta gailur edo peak tv deituriko hori iritsiko zela zirudien. Baina 2021ean 560 telesail estreinatu ziren, eta adi! 2022an, 600 telesail inguru.
Gaindosi horren barruan, ordea, eta sinetsezina dirudien arren, badira gurera oso berandu iristen diren edo iristen ere ez diren telesailak ere. Aurten, bertan, Ingalaterrako bi telesail bikain—Best Interests eta The Walk-In— ez daude inon ikusgai.Sakonduko dut aurrerago bi izenburu horietan, baina, gaurko zutabea, berandu, baina azkenik iritsi den bat gomendatzeko baliatu nahi dut. AEBetan urte hasieran estreinatu eta sekulako arrakasta izan duen Poker Face telesailaz ari naiz. SkyShowtime plataformak, azkenik, ostiralean estreinatuko du Hego Euskal Herrian. Rian Johnsonek zuzendu du, eta Natasha Lyonne da aktore protagonista. Lyonnek Charlie Cale gorpuzten du: kasino bateko langilea da eta gezurrak antzemateko berezko gaitasuna duen emakumea da. Kasinoko nagusiarengandik ihesi, eta berezkoa duen dohain hori erabiliz, krimen bitxiak konpontzen saiatuko da, hainbat pertsonaia deskribaezinekin topo egiten duen bitartean.Atal bakoitzean istorio desberdin bat jorratzen da, eta misterio eta krimen horiei indarra eta sostengua emateko gainera, telesaila, izar gonbidatuz josia dago: Adrien Brody, Nick Nolte, Joseph Gordon-Levitt eta abar. Kontakizun osoa egituratzen duen premisa 1970-80ko hamarkadetako telesailei egindako omenaldia iruditu zait —Columbo edota Murder, She Wrote esaterako—, baina Coen anaien kontakizunetatik zipriztinduriko umore beltza eta erritmoa erabiliz.Generoaren zalea bazara, bereziki gozatuko duzuen proposamena da honakoa.
EKOGRAFIAK
Inoiz ez da berandu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak