urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Input 2025: Bonus Track II

2025eko maiatzaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Israelek Eurovisioneko finalean parte hartu zuen atzo gauean, eta protestak eta kontrako iritziak izan dira horren inguruan. Ez da gutxiagorako. Input telebista publikoen konferentzian ere parte hartu zuen Israelek, maiatzaren 3tik 7ra, eta hori salatu du aste honetan Aldatu Gidoia mugimenduak. Input erakundeko zuzendaritza batzordeari eskatu dio Israel datozen Input konferentzietatik kanpo uzteko. «Hori egin ezean, genozidioaren zuriketan parte hartzen ariko baitira».

Pantailen artetik tarte honetan hainbatetan salatu izan da Palestinako herria jasaten ari den genozidioa, eta hori ez da aldatuko. Baina hara non, Bilbon, Daniel Najenson zinemagile israeldarra ezagutu eta minutu gutxira —parte hartu ohi du Israelgo armadak palestinarren aurka egiten dituen erasoak gaitzesteko protestetan—, Water Tower Murder dokumentala proiektatu zuten Euskalduna jauregian, eta ikusleak istorio harrigarri batean murgilarazi. Najensonek eta Oded Farberrek 1937ko Palestinara eramaten dute ikuslea —kredituetan Palestina, 1937 ageri da idatzita—. Detektibe pribatu baten ikerketa, nazien espioi taldeak, argitu gabeko hilketa bat, agente bikoitzak... «Tragedia pertsonal bat eta segurtasun nazionalaren inguruko kezkak uztartzen ditu filmak», egileen esanetan.

Israelgo 'Water Tower Murder' dokumentala
Israelgo 'Water Tower Murder' dokumentala. Animazioa adimen artifizialarekin egin dute. NODRAMA STUDIO

Baina zein da Water Tower Murder lana aipatzeko arrazoi nagusietakoa? Adimen artifizial sortzailea erabili izana, modu berritzailean, animaziozko pasarte guztiak pantailara eramateko. Iragana eta oraina lotzen dituzte Najensonek eta Farberrek, garai bateko eta oraingo ikerketak lotuz, eta, kasu honetan, adimen artifiziala istorioaren mesedetan erabiltzen dute. Hau da, teknologia dago gidoiaren zerbitzura, eta ez alderantziz. Tom Dor sortzailea ere aritu zen animazioa garatzen.

Israelgo 'Water Tower Murder' dokumentala
Israelgo 'Water Tower Murder' dokumentala. NODRAMA STUDIO

Adimen artifizialak izan zuen presentzia Input konferentziako beste saio eta hitzaldi batzuetan ere. Finlandiako AI Adrian to the Rescue saioa, adibidez, Herri txiki, infernu handi moduko bat da, baina herrira iristen dena ez da hezur-haragizkoa, adimen artifizialaren bidez dabilen robot sinpatiko bat baizik. Ezin da ukatu Saskia Vanhalakkak zuzendutako lana jostagarria dela.

Herbehereetako AI Love saioa
Herbehereetako 'AI Love' saioa. HUMAN

Adimen artifiziala bikotekide?

Herbehereetako AI Love dokumental saioak adimen artifizialaren bueltako istorio bitxiak kontatzen ditu. Aurtengoa da saioa. Kasurako, ageri da adimen artifizialeko aplikazio bat zein lagungarri zaion ikusmen arazoak dituen emakume bati. Baina zalantza etikoak eragiten dituen adibideak badira: gizon batek eternitatea lortu nahi du, kosta ahala kosta, eta teknologia erabiliko du horretarako. Saioko beste gizon protagonista batek, berriz, adimen artifizialeko programa bat du neska lagun. «Benetako emakume batekin batera bizitzea bezala da», dio gizonak. Badirudi halakoak gero eta ohikoagoak izango direla... eta kontu gehiago ere bai.

Axel Fiacco AAz aritu da Input konferentzian
Axel Fiacco adimen artifizialari eta telebistari buruz aritu zen Input konferentzian, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Axel Fiacco Format Espresso egitasmoaren sortzaileak hitzaldi bat eman zuen Euskaldunan, eta azkeneko urteetan adimen artifiziala erabilita estreinatu dituzten telebista saioen errepasoa egin. Besteak beste, Euskal Herrian ikusi ahal izan diren bi saio aipatu zituen: batetik, France3 kateko Hôtel du temps —Thierry Ardissonek hilda dauden pertsonaia ospetsuak elkarrizketatzen ditu; adimen artifizialak berpizten ditu pertsonaia horiek—, eta, bestetik, Netlix plataformako Falso amor. Izan ere, reality horretan adimen artifiziala erabili zuten, partaide bati erakusteko bere bikotekidea beste norbaitekin musuka ari zela. Askotan, gezurrezkoa zen eszena: adimen artifizialak eraikia, alegia.

Ameriketako Estatu Batuetako CBS katean, Big Brother saioan, adimen artifizialarekin sortutako pertsonaia bat sartu zen iaz lehiakide. Fiaccok eman zituen adibide gehiago ere. Azaldu zuen hainbat telebista katetan aurkezle birtualak erabiltzen ari direla. «2023an, adimen artifizialak sortutako K-pop musika talde batek hasi zuen bidea: Mave». Fiaccok amaitu zuen esanez adimen artifizialak ez dituela gizakiak ordezkatuko. «Baina adimen artifizialeko tresnak erabiltzen dakiten profesionalek ordezkatu egingo dituzte halakorik erabiltzen ez dakiten profesionalak».

Ez da oso urrun joan behar adibideak ikusteko. 2023an, ETB1ekoErremontari saioan pertsonaia digital bat txertatu zuten, adimen artifizialeko lau programa erabilita —Oriamendi enpresak sortu zuen—. Bestalde, Ahalaken soinu fikzioa aurkeztuko du EITBk asteartean, adimen artifizialarekin landutako transmedia proiektu bat. Adi erreparatu beharko zaio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.