Edward Berger zinemagilearen Conclave filmaz hitz egiteko egunak izan badira ere, pelikula horren kritika Donostiako Zinemaldian argitaratu zuen BERRIAk, Sail Ofizialean lehiatu zenean. Vaticanoko kontuak ez dira agertu, eta hobe, Input munduko telebisten konferentzian. Bilboko Euskalduna jauregian ikusitako saio batzuen berri eman du BERRIAk aurreko egunetan, baina merezi du igandetako tarte honetan telebista publikoen beste lan interesgarri batzuk nabarmentzea.
Danimarkako DR telebista publikoak sei saio aurkeztu zituen Inputen. Horien artean, hunkigarri eta inspiratzailea da Nicolai Iding Kierkegaard zuzendariaren Wingman dokumentala. Euskalduna jauregiko aretoetako bat aho zabalik utzi zuen.

Buruko paralisia duen gizon bat da dokumentalaren protagonista: Jeppe. Nahiz eta ezin duen hitz egin —ez bederen gizakien arteko hitz jarioak ulertzen diren moduan—, aktore baten ahotsaren bitartez Jepperen pentsamenduak, sentimenduak eta bizipenak entzungo dira filmean. Haren pozak eta tristurak. Buruko paralisia izan arren, protagonista ez da etxe bateko lau pareten artean geldituko. Mexikora joango da hitzaldi bat ematera. Thailandiara bidaia egingo du. Kare eta David haren lagun minak ez dira Mexikora joango, eta horrek sentimendu garratzak eragingo dizkio protagonistari. Thailandiara, bai, ordea, bi lagun horiekin joango da Jeppe.
Dokumentaleko zuzendariak Bilbon kontatu zuenez, Jeppek 120 orrialde idatzi zituen dokumentalarentzat —haren pentsamenduak testu bihurtzeko programa informatiko bat erabiltzen dute—. Horiek baliatu zituzten nagusiki gidoia osatzeko. Eta, noski, protagonistaren bi lagunen erabateko konplizitatea izan zuten egileek filma aurrera eramateko.

Thailandian direla, protagonistari masaje bat emango dion gizon baten bila ari dira kalez kale. Sexu harremanetarako beste aukerarik ez baitu, Iding Kierkegaardek azaldu moduan. Euskaldunako entzuleen artean, Itziar Azpeitia ETBko I+D+I eta estrategia arduradunak eskua altxa eta Euskal Herrian paralisia duen aktore baten kasua aipatu zuen. Telmo Iruretaz ari zen, eta bakarrizketetan sexuaz aritzen dela azaldu zuen. Beste entzule batek galdera egin zuen, ea ez ote zen Thailandiako prostituzioa «arinkeriaz» ukitzen filmean.

Bada, beste alde batetik, garuneko paralisia duen beste gizon bat protagonista duen dokumental interesgarri bat: Las letras de Jordi. Maider Fernandez Iriarte zinemagileak 2019an estreinatu zuen lan hori, eta Filmin ordainpeko plataforman ikus daiteke.
Zaintza
Wingman dokumentalak hainbat sentimendu eragiten ditu. Barrerako tartea uzten du une batzuetan. Eta, akaso, protagonistaren bi lagunek zaintzarekin duten konpromisoa da parte esanguratsu bat ere. Protagonistak duen bizitzeko gogoak ere eman dezake gogoetarako.
Zaintzaz mintzo da Input konferentzian ikusi ahal izan zen beste film bat ere: Papa Ko Pani Se Dar Lagta Hai (Nire aitak beldurra dio urari). Indiako fikzio bat da, sinplea bezain eraginkorra. Praateek Rajendra Srivastava zuzendariak gizon baten eta haren aitaren arteko egunerokoa kontatzen du; Alzheimerren gaitza du aitak, eta semeak eguneroko zaintza nola egiten duen kontatzen du pelikulak.

Amaierako kredituetan, zinemagileak aipatzen du aitari eskaintzen diola filma. Hau da, egileak berak bizitakoa eraman du pantailara, bi aktoreren bitartez. Nabari da ez dela aurrekontu handiko film bat, baina sarri ez da sekulako dirutza behar ikus-entzulearen bihotza ukitzeko.
Portugalgo Casa-Abrigo telesailean, berriz, beste modu bateko zaintza ageri da. Indarkeria matxista jasan duten emakume batzuen arteko ahizpatasuna eta elkarren zaintza. Fikzioa da, benetako gertaeretan oinarrituta. Protagonistak emakumeen etxe batean hartuko du babes. Marcio Laranjeiraren telesailaren atal bakarra ikusi ahal izan zen Bilbon, baina fina eta iradokitzailea zen. Elkarrizketa burutsuz ondua.
Datorren igandean, Inputen ikusitako saio gehiago.