IRRATIA

Irailera arte

Arantza Gutierrez.
2023ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Duela urtebete BERRIAtik igandero irratiari buruz idazteko aukera eman zidatenean, aitortu behar dut espero ez nuen oparia egin zidatela. Astez aste, euskal irratiek aurrera daramatzaten programazioak miatzeaz gainera, hedabide honen inguruan ematen ari diren berritasunei erreparatzen saiatu naiz, askotan Urtzi Urkizuk irekitako atetik sartuta, eta, besteetan, Twitterren edo Whatsappen bidez egin dizkidazuen iradokizunei esker. Eta ikasi dut, pentsatzen duzuen baino askoz gehiago ikasi ere, egun hauetan matrikula osatzen ari diren ikasleei irakastea espero dudana.

Ikasturtean zehar, gainera, konturatu naiz irratiak berriz ere hartu duela lidergoa beste hedabideekin alderatuta, horretarako egokitu behar izan badu ere, orain podcast formatuaren bidez. Hau ere nabarmendu dut ikasleen artean: urteetan ikus-entzunezkoen lilurarekin lehiatu ezin zen ikasgaia zen irratia, baina gaur ere gazteen interesa piztu du.

Espainiar eta frantziar ikerketetan oinarrituta, esan dezakegu Euskal Herriko 16-25 urteko gazteen % 70ek podcastak entzuten dituztela; % 60k, berriz, 26-35 adin-tartean. Sortzaileei dagokienez, nagusiki gizonak dira —%58 espainiar estatuan eta % 64 frantziarrean—. Alderantzizko portzentajeak topatzen ditugu, ordea, kontsumoari erreparatzen badiogu, entzuleen artean emakumeak nagusi baitira. Entzuleen preferentzien inguruan, gaztelaniaz entzunenak entretenimendukoak dira; frantsesez ekoitzirikoetan, berriz, politika eta informazioari buruzkoak, eta gehienetan elkarrizketak edo solasaldiak hobesten dira. Publikoak gustuko ditu fikzioak eta audio-liburuak ere, baina eskaintza mugatua da, ekoizpen-gastu handiengatik.

Irrati tradizionalak ere osasun ona du. Ipar Euskal Herrian DAB irrati digitala heldu da, eta horrekin batera, kate berriak; haien artean Antxeta irratiak eta Kultura Radiok elkarlanean sorturiko Kultura Antxeta abiatuko da irailean. Hegoaldean, berriz, hainbat irrati libre emititzeko baimenaren zain daude, eta ez dirudi inolako presarik dagoenik dial digitalera igarotzeko. EITBk, bere aldetik, audio edukiak sortzearen aldeko apustuari eutsiko dio…, eta ziur nago euskal uhinetan dial oparoa izango dugula.

Beraz, irailean zuekin berriz elkartuko naizen artean, pilak kargatu eta entzutekoak aditzeko aprobetxatuko dut, eta bueltan soinu berriez beterik itzuliko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.