urtzi urkizu
Ikus-entzunezkoak

Itsasoa, bizitzeko modu bat

2024ko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun

Miarritzeko (Lapurdi) Fipadoc dokumentalen nazioarteko jaialdian proiektatu dute aste honetan Beñat Gerekaren Itsasoak pizten gaitu lana, Dasta Dokumentala sailaren barnean. Iazko martxoan, ikusleen saria jaso zuen Malagako (Espainia) zinema jaialdiko Cinema Cocina sailean —beste jaialdi batzuetan ere eman dute, tartean Argentinako DOCA—. Eta ikusle guztiek doan ikusi ahalko dute hemendik gutxira: otsailaren 8an Primeran plataforman jarriko dute. Getariak (Gipuzkoa) itsasoarekin duen harremana du jomuga filmak, baina hortik harago ere badoa.

Arrantzaleen egoera da dokumental horretan lantzen diren gai nagusietako bat. Itsasoarekin lotuta bizi izan dira historian Euskal Herriko herritar ugari. Baina transmisioaren soka ez dago batere sendo gaur egun: hausteko zorian dago. Eta egoera horren gaineko hausnarketa plazaratzen du Gerekak. Senegalgo arrantzale bat ageri da hizketan, eta aintzat hartzekoa da haren lekukotza: euskal kostaldeko itsasontzi asko ez leudeke gaur egun arrantzan Senegalgo arrantzale horien eskuei esker ez balitz.

Irudi zaindua du Itsasoak pizten gaitu lanak. Baditu, gainera, bestelako osagai artistikoak: Dantzaz konpainiaren Gesala dantza koreografia, esaterako. Hainbat aretotan bere bidea egin du koreografia horrek, filmetik harago. Eta, bestalde, Itsas-geruzak izeneko argazki erakusketa inauguratuko dute datorren astean Donostiako Central galerian.

Itsasoak pizten gaitu dokumentalaren trailerra.

Dokumentalean agertzen diren beste protagonista batzuk emakume saregileak dira. Arrantzak aurrera egin dezan ezinbestekoak izan dira saregileak. Aitortza hori badago dokumentalean, eta transmisioaren etena ere islatzen da. Hala ere, dokumentalaren ahulgune bat izan daiteke genero ikuspegia sakonago landu ez izana.

Jateko kontuak, berriz, ederki daude islatuta parrillaren gorabeherekin. Aipatzen dute noiztik datorren parrillaren tradizioa, eta gaur egun Getariako jatetxeetan duen garrantzia. Zinez estimatua da parrillan egiten den arraina, eta hala izango da ziur aski etorkizunean ere.

'Itsasotik sasoikoa'

Arrantzaleen inguruko beste dokumental interesgarri bat Eneko Bachillerrek eta David Lopategik zuzendutako Itsasoiko, itsasotik sasoikoa da. Ondarroa 12 Milia eta Bizilur elkarteek elkarlanean egindako lan horretan, muinera jo dute: arrain industriaren ereduak nolako eragina izan du arrantzontzi txikietan? Nolako ondorioak artisau arrantzan? Euskal kostaldeko hainbat herritara jo dute egileek, eta toki desberdinetako arrantzaleekin hitz egiten dute. Bestetik, aintzat hartzekoak dira Ekologistak Martxan taldeko arrantza arduradun Cecilia del Castillok egiten dituen hausnarketak. Besteak beste, aipatzen du gaur egungo arrantza eredua kaltegarria dela natur ekosistemarentzat, eta sasoian sasoikoa arrantzatu beharko litzatekeela. Betiko arrantzale jakintsuek esaten duten gauza bera, alegia.

Dokumentala erraz irensten da, ez da luzea. Osorik ikus daitekeArgia aldizkariaren multimedia kanalean. Elikadura burujabetzaren gaia ere mahai gainean jartzen du lanak.

Itsasoaren legea

Espainiako TVEk eta Valentziako A Punt telebistak elkarrekin ekoitzi dute itsasoan girotutako telesail bat: La ley del mar. Alacanteko (Herrialde Katalanak) arrantzale batzuek Mediterraneo itsasoan ontzi txiki batean hilzorian ziren 50 migrante afrikar salbatu zituzten, eta benetako gertaera horiek kontatzen ditu telesailak. Urtarrilaren 21eko gauean osorik eman zuen La1 kateak fikzioa, hasi eta buka. Harrera beroa izan zuen: bost milioi herritarrek baino gehiagok ikusi zuten. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %15,8ko ikusle kuota lortu zuen. Sekulakoa izan gabe, ondo kontatuta dago arrantzale eta migrante horien istorioa. Luis Tosar aktorea indartsu, ohiko moduan. RTVE Play plataforman ikusgai dago, mokaduka dastatzeko.

Beste solas tarte baterako ematen du TVEren erabakiak: hiru milioi euro kostatu den telesail bat gau bakarreko olatuan jaurtitzea ote den zentzuzkoena. Kontua da zeharo aldatu dela telebistan fikzioa kontsumitzeko ohitura.

La ley del mar telesailaren trailerra.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.