Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Itsasoari begira

2025eko uztailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Kostaldekoa naizelako izango da kresalaren usaina gustukoen dudan lurrina izatearen arrazoia. Olatuen soinua dut sehaska-kantarik goxoena, eta ez dago lasaigarri hoberik ozeanoaren urdinari begiratzea baino. Beraz, ez da harritzekoa, pandemian, itxieratik ateratzeko aukera izan nuenean egin nuen lehenengo gauza hondartzara joatea izatea. Aitortu behar dut beldurra ere badiodala itsasoari, eta ez ditut gustuko surflariek maite dituzten olatu erraldoiak ezta sakoneko belztasunean ezkutatzen diren begidun mehatxuak ere.

Itsasoak beti izan du irratiarekin lotura estua; izan ere, Haririk Gabeko Telegrafia, komunikabidearen lehenengo urratsa, sortu baitzen itsasontziekin komunikazio-bideak irekitzeko. Hertz-ek asmaturiko uhinei esker, kableen menpekotasunetik askatu zen mezularitza-sistema; ondoren ahotsa transmititzeko aukera eman zuen, itsasoan eta lehorrean zeudenak harremanetan jarriz. Diotenez, asmakizunak ahalbidetu zuen Titanicen tragediaren ondorioak neurri batean txikitzea.

Duela hilabete batzuk, Bermeon, emakumeen koru batek antzezten zuen irratiak jokaturiko papera kaletan zeuden arrantzaleekin komunikatzeko: baten umea jaioa zela, beste baten senidea ezkonduko zela, etxekoek ondo jarraitzen zutela, urtebetetze-egun zoriontsua izan zezan abestia dedikatzen ziola… Eta aurkezleak batzuk eta besteak lotzen zituen, tarteka mozten zen konexioan. Nik neuk gogoratzen dut goizaldean Onda Pesquera saioa entzutea gustuko nuela.

Dena ez da hain erromantikoa, ordea, eta hori gogoratu digute Naiz Irratiak ekainean eskainitako Sarea Galdu Aurretik saioan; Hegoi Belategik, arrantzaleen eta kaiko lanari loturiko emakumearen seme eta biloba, mimo handiz gidatuta. Itsasoaren soinuak dakartzan sintoniatik hasita, asko dira azpimarratzeko arloak; haien artean, ahots aniztasuna, euskalki eta doinueren ugaritasuna. Oso originala iruditu zait bestalde solaskideen aurkezpena, off-eko ahotsak esaten baitigu nor den entzuten ari garena, bere mintzoaren gainetik. Bost ataletan, arrantzarekin loturiko hainbat gai jorratu ditu, tradizioari zein etorkizunari begira, eta andreek —askotan ez-ikusgai— duten tokia agerian utziz. Hurrengo denboraldirako atal gehiagoren zain geratzen garen bitartean, podcast moduan entzun ditzakegu. Euskal Herriko edozein arrantza-portutatik Kantauri itsasoari begira bada hobe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.