Uztailaren erdialdean dagoeneko festa eta uda giroan murgilduta gaude Euskal Herriko herri, auzo eta herrixketan. Leku bateko jaiak ondokoarekin kateatzen dira, eta egutegiko santuz santu ibiltzen dira ateo asko ere, tartean andramaririk ere badela, eta, noski, ospakizun paganoak edo jentilak ere bai.
Irrati gehienek ere, jai zapia jantzita, egokitu dituzte beren programazioak festetan gertatzen direnak (agerikoa zein antolaketak gordetzen duena) azaltzeko. Kaleko ospakizunak aukera ona izaten dira estudiotik ateratzeko eta, sikiera soinuen bidez, jai giroa hurbiltzeko eta, bidez batez, aurreikusita ez genuen plan bat edo beste egitera animatzeko. Horretan dago Naiz Irratira aurten itzuli den Kosta ala kosta saioa. Uztailaren 7an abiatu zuten, Lesakako festatan, eta Kontxako Banderak itxiko duela azaldu dute; bitartean kostako zein lehorreko festak bisitatuko dituzte Ion Garatek, Iker Gurrutxagak eta Iraia Cambrak. Iaz bezala, sare sozialen bidez iragartzen dute zeintzuk izango dira hurrengo geltokiak. Beraz, ez dago aitzakiarik, eta kosta ahala kosta, jantzi zapia eta ibili…
Gaztean, bestalde, betiko Dida-ren ordez Dida Fresh eskaintzen da, eta hartan jaiek eta udan zehar eskaintzen diren kontzertu eta kultur ekitaldiek hartzen dute protagonismoa, eta tonua eta edukiak arintzen dira. Albistegietan ere, oro har, urtean zehar lekurik ez duten anekdotek berri kategoria hartzen dute, eta kazetari eta aurkezleek arazoak izaten dituzte protagonisten ahotsak topatzeko, politikak oporretara alde egiten baitu, eta soilik udako sugeren batek edo itxoiten ez den gertaera batek urratzen du albisteen lehortea.
Hala ere, dena ez da jolasa eta festa udako programazioetan. Badago kulturarako eta dibulgaziorako tokia Guaun; EITBk EHUko Udako Ikastaroetako pilula laburrak eskaintzen baititu astelehenetik ostiralera, non ikasgeletan ukituriko gaiak laburtzen diren. Ez dira segur aski gehien entzundakoen artean, baina gai interesgarriak tratatzen dira, udako nagiari egokituriko formatuan. Adibidez, Europako Migrazio eta Asilo Itunaren inguruan hitz egin ziguten uztailaren 16an, eta justu itun hori salatzen duen Mugak Zabalduz karabanan nagoela idazten ditut lerro hauek. Izan ere, 150 pertsona inguru izan gara Calaisen migrazio politikak salatzen, eta bertan aipaturiko politikek migranteengan eragiten dituzten ondorio latzenak ezagutzen ere bai. Bidaia horretan elkartasunaren zapia jantzi du karabanak.