Olaturik gozoenaren aparretan dabil azken urteotan Patricia Lopez Arnaiz aktorea (Gasteiz, 1981). Betikoren bat agian kexu izango da azken aldiko film guztietako protagonista bera delako, baina egia da hamarkada luzez aritu dela lanean argi askorik ikusi gabe, harik eta pantailak bere artea aintzatetsi eta, apetak horrelakoak dira, Euskal zinemagintzako aurpegirik ezagunena bilakatu duen arte. Azken urteotan Intimidad telesaila edota Ane, 20.000 especies de abejas, Los destellos eta Nina filmak egin ditu, eta azken hau ikusi nuen atzo Filmin plataforman.
Patriarkatuaren eta bere jazarpenen historial ilunarentzako hain udazken oparoa izaten ari den honetan —hilabete eskasean Pellicot, Mbappe, Naim Darrechi edota Errejon, besteak beste, ikusi ditugu pantailetatik burumakur igarotzen—, Andrea Jaurrietaren aurtengo film horrek irakurketa interesgarri bat gehitzen dio auziari. Nina (Lopez Arnaiz), 40 urte inguruko aktorea, bere herrira itzuliko da, eskopeta eskuan, iraganeko pertsona batekiko mendekua hartzera. Western itxurarekin ekoitzitako filma da, tragedia poliki irits dadin uzten duten horietakoa, eta isiluneek hitzek baino gehiago esaten duten horietakoa; nahiz lekuren batean edo bestean Almodovarren filmografiaren zantzuak dituela ere irakurri ahal izan den. Koloreak ere garrantzi handia du filmean, batez ere gorriak: gorria da Ninak jantzita daraman jaka, gorria da odola, baita bere ezpainetakoa ere. Jaurrietak, gainera, kolore hori hotzagoak diren urdina eta berdearekin kontraposizioan jartzea erabaki du, bere indar probokatzailea azpimarratzearren.
Spoiler-era iritsi gabe, ordea, niretzako interesgarriena mendekuaren atzean ezkutatzen den jazarpen-istorioa da; ez baita normalean halako lanetan erakutsi izan den jazarpen fisiko eta bortitz hori. Patriarkatuak irentsitako norbaiten begietan inuzentea eman dezakeen jazarpen bat hautatu du Jaurrietak pantailara eramateko, eta horrek egiten du, nire ustez, film hau baliotsu. Ulertu behar dugulako abusu guztiak ez direla orbainekin eta hilketekin amaitzen diren horiek. Jazarpen sotilagoak ere badaudela, alegia, maitasun istorioen ardi-larruz ezkutatzen direnak. Horiek dira, azken batean, salatzen zailenak, eta ez bereziki salagaitzagoak direlako.