Lide Hernando.
'Ekografiak'

Kaosa Haren herrian

2025eko uztailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

2012ko udaberrian, Project X izeneko film batek argia ikusi zuen. Ez zuen, egia esan, ezer berezirik: beste komedia yanki bat zen, zeinetan institutuko hiru lagunek, horietako baten gurasoen absentzia probestuz, bere etxean festa bat antolatu eta sare sozialen bitartez jendea gonbidatzen duten. Ez dira ohartzen, ordea, festaren iragarki hori publiko jarri dutela, eta sare sozial horretara sartzen den orok ikusi dezakeela; eta, beraz, festa hura ehunka pertsonaz betetako esperientzia kaotiko bilakatzen da.

Urte berean, ordea, yankiek fikzio ganberro batean kontatu zutena egia bilakatu zen: Merthe izeneko neskato nederlandar batek Haren herriko bere etxean festa bat antolatu zuen, eta, ustekabean, gonbidapen hori Facebooken publiko jarri. Egunetik egunera jende gehiago batu zen, era birtualean bazen ere, festa horretara; eta eguna iritsi zenean, ez Mertheren gurasoek, ez herriko polizia autoritateak, ezta ondoko Groningen hiriko politikariek ere ezin izan zuten kaosa gelditu. Gonbidapena zabaldu zenetik festaren gaua gertatu zen arteko bi aste zurrunbilotsuak kontatu nahi izan ditu berriki atera den Netflixeko dokumental batek, Trainwreck: The Real Project X izenarekin. Lanak irauten duen 48 minutuetan, Merthe bera hitz egiten ikus dezakegu, baita zenbait autoritate ere, nahi gabe sortutako anabasa hura nola garatuz zihoan kontatzen. 2012ko irailaren 21ean gertatutako festa gau ero hartako irudiak ere ikus ditzakegu: Haren herri idiliko eta txikia jende gaztez gainezka ikusten da, denak botilak eskuan, oihuka eta dantzan, batzuk are faroletara igotzen. Prentsa eta garaiko proto-influencer batzuk ere hara joanak ziren, gertatzear zegoena dokumentatzera, eta haien irudi batzuk ere ikusi ahal izango ditu ikusleak.

Eta, momentu honetara arte irakurri duenari, gaiak nahikoa mami duela pentsatu duenari, opari barregarri bat egin nahi diot, hemen baitator benetako plot twist-a, fikzio batean ere sinesgarri izango ez litzatekeena: ni bertan egon nintzen. Zergatik? Bada, 2012an patuak nik Erasmusa Groningenen egitea nahi izan zuelako. Zergatik amaitu genuen Harenera joaten, galdetzen didazue: ez dakit, gazte eta bigunak ginen, ez nazazue epaitu. Festa amaierako zaldidun poliziak besterik ez ditut gogoratzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.