urtzi urkizu
Ikus-entzunezkoak

Katalanez eta RTVE Playn

2023ko abenduaren 17a
05:00
Entzun

Amatasunaz eta aitatasunaz mintzo da Això no es Suecia telesaila. Fikzio saritua: 2023ko fikziozko telesailik onenaren Prix Europa jaso du. Gauza on asko esan daitezke fikzio horri buruz. Horietako bat da doan ikus daitekeela osorik: RTVE Play plataforman. Jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpidatziekin ikusteko aukera dago; TV3 katea, berriz, astero hasi da ematen telebista konbentzionalean, eta ikusle datu bikainak lortu ditu. Katalanez hitz egiten dute nagusiki pertsonaiek, nahiz eta gaztelania eta ingelesa entzuten den elkarrizketa batzuetan. Boladan dira koprodukzioak, eta telesail hau ere halakoa da: Espainiako eta Kataluniako telebista publikoek elkarrekin ekoitzi dute, eta parte hartze txiki bat dute Suediako, Finlandiako eta Alemaniako telebista publikoek ere.

Aina Clotet eta Mar Coll dira telesailaren zuzendariak. Aktore protagonistetako bat da Clotet, Marcel Borrasekin batera. Hain justu, fikziotik kanpo zein fikzioan bikote dira Clotet eta Borras. Istorioak kontatzen du nola Bartzelona kanpoaldeko auzo batera joan diren bizitzera, alaba eta seme txikiekin batera. Andrea arduratu zen lehen urteetan haurren hazkuntzaz. Eta, orain, rolak aldatu dituzte: gizona arduratzen da haurrez eta andrea lan munduan murgilduta dago. Umorez betetako telesaila da Això no es Suecia, bikote protagonistaren gorabeherak sinesgarriak dira, eta askotariko gaiak jorratzen dira ataletan. Hazkuntzaz aritzeko teraupeta bat kontratatu dute protagonistek, eta beste guraso batzuk gonbidatu dituzte etxera. Hazkuntzaren gaineko terapiak ematen dio bide atal bakoitzaren istorioari. Bestetik, protagonisten aldamenean Suediako familia bat bizi da; hasieran, perfektuak dira suediarrak, eta ama protagonista katalana liluratuta gelditzen da haiekin. Baina seme nerabe suediarrak bere buruaz beste egingo du. Ordutik, bizilaguna obsesionatuta dabil, suizidio horren atzean zer gertatu den jakin-minez. Hortaz, dena ez da barre eragilea telesailean. Baina egunerokotasuneko egoera guztiek sorrarazten dute ikus-entzulearengan barne irriño bat.

'Aixó no es Suecia' telesaila.
'Aixó no es Suecia' telesaila. 3CAT

Aintzat hartzekoa da telesailean parte hartzen duten guraso terapiako asko ez direla aktoreak, baizik eta benetako gurasoak direla, haien barne kezkak azaleratzen. Terapeutaren egiten ageri dena Elisenda Pascual da, eta bera ere terapeuta da fikziotik kanpo. Bikote protagonista bizi den etxea, berriz, Aima Clotet zuzendari eta aktorearen anaiarena da. Benetakoak dira auzoan agertzen diren basurdeak ere.

Osagai horiek guztiek, gidoi txukunen laguntzaz, telesaila dibertigarria eta gozagarria izatea lortzen dute. Maratoi txiki bat ere egin daiteke Borras eta Clotet bikotearen konpainian.

'Això no es Suecia' telesailaren trailerra.

Ez litzateke harritzekoa Clotetek eta Collek zuzendutako fikzioak harrera beroa izatea beste herrialde batzuetan. Ez litzateke lehen aldia izango katalanezko fikzio batek nazioartean harrera beroa duena, baina bai aurrenekoa Espainiako RTVEk ekoitzi eta estreinatutakoa.

TVE legea urratzen

Euskaraz halako bat noizko? Euskaldun batek baino gehiagok egin dezakeen galdera da. Izan ere, TVEk hamarkadak daramatza katalanez produzitzen —oraingoan fikzio bat izan da, baina bestelako formatuak egiten urte asko daramatzate—. Eta, aldiz, euskaraz ez du ezertxo ere egiten Espainiako talde publikoak. Kontua da TVE legea urratzen ari dela euskaraz ezer ez eginda.

Urte honen hasieran, otsailaren 3an, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Pantailak Euskaraz mugimenduak agerraldi bat egin zuten elkarrekin. Bertan ohartarazi zuten sei hilabete joanak zirela Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokorra indarrean sartu zenetik, eta hainbat kasutan legea urratzen ari zirela telebistak eta plataformak. Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu zuen UEMAko udalerrietan lehen hezkuntzako ikasleek gehien ikusten duten katea RTVEko Clan dela. Eduki guztiak gaztelaniaz dira haurrentzako kate horretan. Baina legearen arabera, 12 urtetik beherakoentzako edukiak euskaraz, katalanez eta galegoz ere eman behar dituzte.

Joan dira beste hamar hilabete. Joan dira, eta TVEko kanaletan ez da euskaraz entzuten. Lege urraketa hori euskaldunen eskubidearen aurkako eraso zuzena da. Hortaz, ondo dago Espainiako Kongresuan diputatuek galegoz, euskaraz eta katalanez hitz egin ahal izatea, baina bete beharrekoa dena da Espainiako telebista publikoan agertzen diren marrazki bizidunetako pertsonaiek hizkuntza horietan hitz egitea. Urte eta erdi pasatu da legea onartu zutenetik, eta ez dira betetzen ari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.