Beharbada pentsatuko duzue ordaindu egiten didatela bertako edukia behin eta berriz aipatzeagatik, baina kasualitatea besterik ez da, azkenaldian, Filmin hainbestetan aipatu izana. Tira, kasualitatea baino gehiago, arrazoia beste bat da: eduki oso interesgarriak hautatzen dituzte euren katalogoan. Egunotan Animaziozko Film Onenaren Oscar Saria irabazi zuen Flow harribitxia iritsi da.
Munduak hondamendi moduko bat jasan du eta uraren maila gero eta gehiago igotzen ari da. Testuinguru horretan, ahal duen bezala bizirauten duen katu beltz txiki bat ageri da. Bera izango da film letoniar eder horren protagonista, baita bidean topatuko dituen beste animalia batzuk ere; gizakiak desagertu egin dira.
Flow filmak, elkarrizketarik gabe eta narratiba bisual txundigarria erabiliz, biziraupen eta autoaurkikuntza bidaia batean murgilduko du ikuslea; hitzik gabe kontatutako istorioak indarrez transmititzen ditu emozio eta mezu unibertsalak. Musika, soinu-efektuak eta, batez ere, irudiak dira narratibaren bide nagusiak.
Animazio inguratzailea eta giro onirikoa ditu filmak, eta bakardadeari, bizikidetzari eta erresilientziari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu. Espezieen arteko bizikidetzaz, elkartasunaz edota egokitzapenaz dihardu. Odisea bisual eta emozional zoragarria osatu du Gints Zilbalodis-ek.
Animazio lanak aipamena merezi du: film independentea da —3,5 milioi euroko aurrekontua du—, beraz, ez espero Disney eta Pixarren ekoizpenetan ikusi ohi dugun pertsonaia hipererrealistarik edota bereizmen handiko sekuentziarik. Muga teknikoak agerikoak dira, baina izan dituzten baliabideak azken zirrikituraino zukutu dituzte; aho-zabalik uzteko moduko lana egin dute.
Lehen minutuetan, estetikoki, bideojoko baten kutsua duen arren, behin barneratuta, hipnotizatu egingo zaitu. Plano bakoitza zehatz-mehatz diseinatuta dago, koloreak oso iradokitzaileak dira eta murgiltze-sentsazioa etengabea. Erritmo patxadatsua du, nahiko pelikula lasaia eta kontenplatiboa, baina bertan topatuko dugu lan horren indargunerik handiena. Soinu banda minimalistak atmosfera etereoa osatzen du, ikuslearen emozioak hitzen beharrik gabe gidatuz.
Konbentzio narratiboak apurtzen dituen film zoragarria da, esperientzia zinematografiko desberdinak bilatzen dituztenentzat ezinbesteko lana.