urtzi urkizu
Ikus-entzunezkoak

Kazetariak filmetan eta telesailetan

2024ko otsailaren 25a
05:00
Entzun

Kazetarientzat erakargarria izan ohi da kazetaritzaren bueltako fikzioak ikustea. Egunotan HBO Max plataforma Tokyo Vice telesailaren bigarren denboraldia ari da ematen, eta aitzakia ona da gaiari heltzeko. Hau da, kazetarien gaineko fikziozko lan batzuk errepasatzeko.

Japoniako hiriburuan dago girotuta Tokyo Vice. Mendebaldetik iritsitako kazetari gazte bat Japoniako egunkari garrantzitsu batean ari da lanean, eta lehen denboraldian ez dizkiote gauzak erraz jarriko. Baina bigarren denboraldian badirudi bere lana aintzat hartu diotela egunkarian, eta ari da aurrera egiten. Kontua da hirian krimen antolatuko yakuza talde boteretsu bat istorioan ageri dela etengabe. Kazetariari zaila egingo zaio horren ikerketatik kanpo ibiltzea. Baditu gidoiak gorabehera batzuk, baina telesaila interesgarria dela ezin da ukatu.

Tokyo Vice telesailaren bigarren denboraldiaren trailerra.

Bigarren denboraldia izan du Australiako The Newsreader telesailak ere —Filmin plataforman ikusgai—. 1980ko hamarkadan telebistako albistegiak nola egiten ziren islatzen du fikzioak. Bide batez, Australian garai hartan bizi zen giroa erretratatzen du. Benetan onak dira gidoiak. Eta aktoreen interpretazioak, paregabeak: Anna Torv aktoreak egiten duen lana txapela kentzekoa da. Aurreneko denboraldia oso ona zen, eta bigarrena ere benetan entretenigarria da.

The Newsreader telesailaren bigarren denboraldia.

Baina telesailei baino filmei heldu nahi dionak ere badu non aukeratu. Kazetaritzaren inguruko fikziozko film bikainak egin izan dira, eta zinemaren historiaren urrezko orrialdeetan daude gordeak batzuk. Citizen Kane filmak (Orson Welles, 1941) lerro mordo batzuk mereziko lituzke... eta lehen aipamen moduan ezin da ahaztu. Zer esan The Front Page film ahaztezinaz (Billy Wilder, 1974). Kazetaritza lanari modu paregabean heltzen dion pelikula bat baldin badago, dena den, hori All The President's Men da (Alan J. Pakula, 1976). The Washington Post egunkariko bi kazetarik Watergate auzia nola ikertu zuten jasotzen du filmak. Kazetaritzan pertseberantziak zer-nolako garrantzia duen erakusten dute Robert Redfordek eta Dustin Hoffmanek antzeztutako kazetariek.

All The President's Men filmaren trailerra.

Watergate auzia-ren inguruko filmaren urte berekoa, 1976koa, da telebistaren mundua modu paregabean erretratatzen duen pelikula interesgarri bat: Sidney Lumeten Network. Telebistaren boterea zein-nolakoa den gutxitan jaso da hain ondo fikzio batean.

Ikerketa kazetaritzari heltzen dion beste film esanguratsu bat Spotlight da (Tom McCarthy, 2015). Boston Globe egunkariko kazetari batzuek apaiz batzuen pederastia kasu batzuk ikertu zituzten. Benetan mamitsua da pelikulan kontatzen dena. Eta gogoratzekoa da film haren arrakastaren eta Oscar sarien abaroan, Alberto Barandiaranek idatzi zuen Spotlight hemen, gaur artikulua. Irungo (Gipuzkoa) La Salle eskolako abusuak azaleratu zituen orduan Barandiaranek. Handik bi urtera, Barandiaranek berak, Miren Rubiok eta Iñigo Astizek Ez duzu abusatuko liburua idatzi zuten (Txalaparta). Eliza barruko pederastia kasuak jaso zituen kazetaritza lan bikain hark. Merezi baino zabalkunde txikiagoa izan zuen, ziur aski.

Bi urte kartzelan

Ez dira fikzio hutsa Elizaren pederastia kasuak. Eta ez da fikziozko istorio bat Pablo Gonzalez kazetaria bizitzen ari dena. Egunotan beteko dira bi urte Gonzalez atxilotu zutenetik, eta Poloniako ziega hotz batean sartu zutenetik. Egin daiteke, noski, film bat Gonzalezen istorioarekin. Baina orain egin behar dena da ahalik eta ozenena salatu kazetariarekin egiten ari diren bidegabekeria.

Gernika Gernikara mugimenduak manifestaziora deitu du asteazkenerako Gonzalez libre uztea aldarrikatzeko, Prentsa askatasuna. Pablo askatu! lelopean. Migrazio krisiaz informatzen ari zela atxilotu zuten kazetaria, Rzeszow hirian, Ukrainako mugatik gertu. Poloniako fiskaltzak Errusiako zerbitzu sekretuen alde lan egitea egotzi zion, hau da, espioitza. Utz dezatela behingoz aske. Eta Polonian erabil ditzatela espioitzaren gaineko asmakizunak fikzio lanetarako, giza eskubideak eta prentsa askatasuna errespetatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.