Lide Hernando.
'Ekografiak'

Kimika sinesgarria

2024ko abenduaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez ditut komedia erromantikoak oso gogoko, baina horietakoren batek inoiz harrapatu banau, erraza dirudien baina hain erraza ez den aspektu bat ondo irudikatzeagatik harrapatu nau: maitasunaren eta adiskidetasunaren arteko eremu gris labainkor hori, alegia. Horregatik ditut gustukoen, adibidez, Fleabag telesaileko bigarren denboraldiko erdiko atalak, Before trilogiako Before Sunset filma —hiruretan bigarrena—, eta Normal People telesaileko pasarte hainbat. Aipatutakoek ezin hobeto irudikatzen dute bi pertsonaren artean, arrazoi bat edo beste tarteko, askatu ezin den kimika ezkutu hori.

Gauza berbera lortzen du, nire ustean, Netflixen ikusgai dagoen Molly Mannersek zuzendutako One Day telesailak. 2011n liburu batean oinarritutako eta kritika kaskarrak jasotako film baten remake moduan har genezake, nahiz filmeko bi orduetatik zazpi ordura zabaldu eta garatu duten istorioa kasu honetan: ordu erdiko 14 atalek osatzen dute telesaila. Bertan, Emmaren —Ambika Mod— eta Dexterren —Leo Woodall— arteko maitasun-adiskidetasun harremana kontatzen da, 1989ko uztailaren 15ean graduazio festan elkar ezagutu eta gaua elkarrekin igarotzen dutenetik hainbat urte aurrera eginez. Istorioaren hari narratiboaren interesgarriena da atal bakoitzak urte bat aurrera egiten duela, eta atal bakoitzak egun bakarrean gertatzen dena kontatuko digu: beti uztailaren 15a. Graduazio gau hartatik aurrera, beraz, Dexterrek eta Emmak bide ezberdinak hartuko dituzte, baina adiskidetasuna —eta beste zerbait, ezkutuagoa dena— mantenduko dute urteen joanean.

Normala den bezala, atal batzuk besteak baino hobeak dira; nik pare batekin gozatu dut gehien. Batean elkarrekin bidaia bat egiten dute Greziara; bestean, aldiz, elkarrekin bazkaltzera doaz eta bakoitzaren izaeraren aldaketaren inguruko eztabaida sakon batean sartzen dira. Nola edo hala, telesailak oso modu duinean irudikatzen du bi gazteren helduaroranzko bidea. Castingari dagokionez, hasieran bi pertsonaien hautaketaren aurrean mesfidati agertu nintzen arren —begi bistakoa da bata bestea baino erakargarriagoa izateko intentzioz hautatu zituztela, behintzat mendebaldekoon begietara—, atalek aurrera egin ahala bien arteko kimika benetan sinesgarria suertatzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA