The Residence telesailak erailketa misteriotsuen kiribila kiribiltzen duela irakurri dut nonbait, eta ezin naiz konformeago egon esaldi horrekin. Knives out edota Only murders in the building telesailen gisakoak gustuko badituzu, dudarik gabe ikusi beharko zenukeen telesaila da gaur hizketagai dudana; nahiz, horiek guztiak bezala, nik behintzat ez dudan argi gustuko dudan ala ez.
Netflixeko azken fenomenoetako bat da The Residence, umorezko misterioa jorratzen duen lana; eta Etxe Zuriko atezain buruaren erailketa argitzean du funtsa. Shonda Rhymes du ekoizle, besteak beste The Bridgerton eta Grey’s Anatomy telesail arrakastatsuak ekoizteaz arduratu dena. Azken ekoizpen horrekin, estatubatuarrek egindako telesail ingeles bat lortu dute. Eta sentsazio hori ez du soilik tramako erailketa ikertuko duen detektibearen janzkerak transmititzen —Uzo Abudak interpretatutako Cordelia Cupp ikerlariaren izenak ere Ingalaterrara garamatza—, baizik eta elkarrizketen tonuak, planoen muntaketak eta, are, umoreak istorioa Etxe Zurian gertatu ordez Downing Streeten gertatzen ari dela sentitzera darama ikuslea.
Izan ere, a zer-nolako muntaketa eta a zer-nolako elkarrizketak. Bi aspektu horiek lirateke telesail honen aurkezpen txartelik finena, horretan lortzen baitu besteen aldean nabarmentzea. Muntaketaren lanak umorista bat gehiago bezala funtzionatzen du; une oro agertzen zaizkigu plano motz bezain irrigarriak, trama hausten dutenak, baina, hori egitean, tramari berari falta duen gatz eta piperra eskaintzen dizkiotenak. Tarteka, ordea, muntaketaren frenetismo horrek nekaraz dezakeela sentitu dut; eta gauza bera gertatu zait elkarrizketekin. The Residence-ren umorea, izan ere, kontzeptuen errepikapen etengabean datza, ikuslea irudi eta hitzekin lepo betetzea gau bakarrean egin beharreko ikerketa batek eragin dezakeen antsietatea transmititzeko; nahiz, paradoxikoki, protagonista dugun ikerlariaren modus operandi-a oso kontenplatiboa izan. Eta bere zigilua den errepikapen horretan, hain zuzen, egiten du huts, nire ustez, telesailak: ezin ukatu tarteka nekatu edota aspertu naizela.
Aurreko artikuluren batean aipatutako atalen alferrikako luzerak eta ugaritasunak ere izan du eraginik asperduran. Beste lan batzuekin bezala, laburrago eta urriago, hobe.