Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Klik batean

2023ko urriaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Etxetik atera baino lehen jakin behar dituzun hiru albiste aurreratzen dizkigu Ane Zuazubizkarkazetariak Euskadi Irratiko Instagrametik, tituluetan azaldutako berriaren irudiak ondoan dituela. Hiru albiste, erritmo arinez, musikaren gainean, eta azpidatziz lagunduta. Izeko harro batek azaldu zidan horretaz ari zela iloba, eta nik hasieran ez nuen ulertu... irratian edo sare sozialetan, bideoak egiten? Ba, bietan. Eta Tiktok-en ere bai. Ikasgaia gaurkotu behar dut, kate-gazteek ez ezik, programazio orokorreko irratiek ere Reels direlakoak edo bideo-pilulak eskaintzen dizkigute plataforma ezberdinetatik. Nork esan zuen irratia hedabide zaharkitua (edo zaharrentzakoa) zela? Ba, Euskadi Irratiko Instagramean egin dudan ibilbideak argi uzten du ezetz. Izan ere, ordenagailuaren aurrean —ados, horrek agerian uzten du adin bat dudala— agertu zaidan iruditeria oso freskoa iruditu zait, eta erakargarria.

Klik batean hainbat eduki eskaintzen ditu kate publikoak; azaldutako albiste-aurrerapenaz gainera, nabarmendutako elkarrizketak ere badira, eta, nola ez, Zinemaldiarekin bat egiten duen programazioan uztarturiko solasaldiak, antzezpenak edota Zinemaldian Arkaitz Basterrak filmatutako abentura bat seriala, horrela deitu ahal bazaio horri. Ez dago, ordea, orojakileen tertuliarik, politikoen agerraldirik edo prentsaurrekoen irudirik. Baten batek eduki hauek arintzat jotzeko tentazioa izan dezake, baita arintze hori gazteen gustuetara egokitzearekin lotu ere. Ez nago ados; eguneroko bizitzan emozionatzen, kezkatzen edo mugiarazten gaituzten testigantzak eta informazioak baitira jasotakoak, eta ausardia bada ere, gizatasunarekin lotutakoak, esango nuke. Agian horrek azaltzen du gainbegiratu batean emakumeen presentzia ohiko dialean baino nabariagoa izatea. Nabarmentzekoak emakume ijito gazteen Kera elkarteko Palmira Dualen kolaborazioak.

Ez dakit sare sozialetatik Euskadi Irratiak zabaldutako edukiak ikusten dituztenek irratira joko duten, edo —ohi bezala— heldu ahala hurbilduko diren. Ez naiz gai sare sozialek edo bideopodcastek noraino moldatuko duten aurreikusteko. Baina ziur nago oraingoz ez dituztela isilduko. Eta, etxetik irten naizenerako, gaur albiste izango direnen aurrerapenak, atzokoen analisiak eta beste hainbeste kontu ezagutu ditut sukaldetik hitz egiten didan bozgorailutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.