gaizka izagirre

‘Kolapsoa’ Primeran-en

2023ko abenduaren 01a
05:00
Entzun

Ez izutu, Primeran plataforman ez da inolako kolapsorik egon. Kolapsoa (L'effondrement) izeneko 2019ko miniserie frantziar bikaina gehitu dute katalogoan eta albiste pozgarria iruditu zait. Dena den, ekoizpenean sakondu aurretik disgustu txikia hartu dudala aitortuko dizuet. Primeran plataforman sartu, play botoia sakatu eta orain dela aste batzuk My Mad Fat Diary telesaila plataforma horretan bertan berrikustera nindoanean gertatu zitzaidan gauza bera gertatu zaidalako oraingoan ere: atzerriko eduki asko ezin direla jatorrizko hizkuntzan ikusi —Mutiletako bat telesaila, adibidez, bai—. Euskaraz bikoiztua egotea zoragarria eta nahitaezkoa iruditzen zait, jakina, baina edukiak jatorrizko hizkuntzan ikustea maite dugunontzat, mantendu aukera hori ere, mesedez. Aberasgarria da, asko ikasten da eta aktoreen lana, eta beste hainbat alor, benetan sortuak izan diren bezala hautematen dira. Gai honekin oso azal fina duen jendea dagoenez, argi eta garbi errepikatuko dut esandakoa: ez naiz ari esaten bikoiztutakoa kentzeko —mesedez! Hori zalantzan jartzea ere...—, esaten dudana da ikusleari existitzen diren bi alternatibak eskaintzeko, euskaraz bikoiztua eta jatorrizko hizkuntzan euskarazko azpidatziekin, eta norberak aukera dezala nola ikusi. Kito, besterik ez.

Tira, aldarrikapen xalo horren ostean, lerroburuko telesaila aipatuko dut. L'effondrement zortzi atal dituen miniserie paregabea da, eta kapitulu horietako bakoitza sekuentzia plano bakar batean grabatua dago. Hasieran ezagutzen ez dugun gertaera konkretu batek gizartearen erabateko kolapsoa eragin du. Zortzi gertaera independente dira, kolapsoa eragin duen gertaeratik egun desberdinetan kokatuak. Bakoitza denbora errealean grabaturiko emozioen errusiar mendi bat da, non abentura, akzioa, drama eta larritasuna lehen pertsonan eta ekintzaren barnean egongo bazina bezala biziko dituzun, ia bideojoko batean egongo bazina bezala. Larrigarria eta frenetikoa da. Aparta. Lehen minutuan lepotik heldu eta azken segundoraino askatzen ez zaituen telesail zorabiagarria. Kolapsoa beldurra transmititzen duen istorioa da, erakusten duen gizartearen desintegrazioa guztiz sinesgarria delako, eta nahiko identifikagarria, zoritxarrez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.