gorka julio
IRLEN SAREA

Komun digitalak antolatu

2023ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Alexis Kauffmann Frantziako Hezkuntza Ministerioko DNEko teknologia digitaleko sektoreetako software proiektuen eta hezkuntza baliabide libre eta mistoen zuzendaria den arren, aktibista izan da urte askotan. Framasoft ekimena sortu du eta software librearen borrokan egin ditu azken hogei urteak. Euskarabildua jardunaldietan komun digitalen ideia gobernantzarekin, komunitatearekin eta baliabideekin lotu zuen. Merezi du ideia horretan sakontzea.

Gobernantza

Gobernantza eredu tradizionalek ez bezala, komun digitalak parte hartze irekian eta erabakiak modu deszentralizatuan hartzean oinarritzen dira maiz. Komunitateko erabiltzaileek hitz egiteko eta botoa emateko aukera dute funtzionamenduari eragiten dioten erabakietan. Gobernantza eraginkorra funtsezkoa da baliabideak zuzen eta modu iraunkorrean kudeatzen direla bermatzeko.

Baliabideak

Komun digitaletako baliabideak asko izan daitezke, baina, oro har, partekatzen eta erabiltzen diren elementu digitalei deritze: softwarea, datu basea, datu egituratuak, audioa, bideoa, ezagutzak.... Komun digitalen gakoa da baliabide horiek konpartituak eta eskuragarriak direla komunitatearen onurarako. Lizentzia libre edo irekietan oinarritzen dira askotan, baliabideak modu librean eta elkarlanean erabili, aldatu eta birbanatzeko. Horrek berrikuntza, ikaskuntza eta sorkuntza kolektiboa sustatzen ditu.

Komunitatea

Komun digitalen inguruan sortzen diren komunitateak interes komunak dituzten taldeak dira, baliabideak eta ezagutzak partekatzeko elkartuak. Irekiak izan daitezke, edonork parte hartzeko aukera emanez, edo mugak ezar daitezke. Komun digitaletan lankidetza, ideia trukea eta balio sorkuntza bateratua sustatzen ditu komunitateak. Gainera, elkarlanak zeregin garrantzitsua izan dezake gobernantzan, kideek aktiboki parte har baitezakete erabakiak hartzen eta arauak garatzen.

Hezkuntzarentzako ez ezik, gizartea egituratzeko ezinbesteko aktiboak izango dira komun digitalak. Hiruko hau ulertu, antolatu eta erakundetu beste biderik ez dute izango XXI. mendean iraungo duten kulturek. Euskal Herriko Komun Digitalen gizarte-erakundea beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.