gorka julio
IRLEN SAREA

Komunikazio gerra

2023ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Israelek kontakizunaren hegemonia galdu du. Oraindik ere eliteen eta komunikabide handien babesa izanik ere, zabaldu nahi izan duen mezua jada ez da sinesgarria. Esango nuke, kontrara, inoiz ez dela berriro sinesgarria izango.

Palestinarren aurkako genozidioaren fase berri hori hasi zenetik, Israelek, biktima itxurak eginez, bere erasoak justifikatzeko komunikazio tresna guztiak jarri zituen martxan.

Lehenik, muntaiak erabiltzen hasi zen, burua moztutako berrogei haurren istorioa saldu nahi izan zuen. Ospitalen kontrako lehen erasoak Hamasek egin zituela ere zabaldu nahi izan zuten. Bata zein bestea gezurra zirela argitu zen berehala.

Bigarrenik, kontakizuna mantentzeko gaitasunik ez zuela ikusirik, konfusioaren bidezko nahasmen estrategiak jarri zituen martxan. Bertsio ezberdinak zabaltzen hasi zen, eta nahasmen horren barnean, zalantzak sortu zituen, egia benetan zein den ezin bereizteko helburuz.

Hirugarrenik, eta tokiko hedabideek zabaltzen zuten informazioari esker bere estrategiak porrot egiten zuela ikusirik, horien aurka oldartuko da era krudelenetan. Hedabide horiek zituzten ofizinak erasotzeari ekingo dio, eta, ondoren, kazetariak edota beren senitartekoak. Kazetariak zuzenki erasotuak izan direnaren adostasun zabala dago.

Laugarrenik, kazetariak ez ezik, herriko kazetaritzak eta herritar soilek zabaltzen zuten informazioari esker, benetan gertatzen ari dena jakiterik izan dugu.

Israelek izan duen soluzio bakarra komunikazio bide guztiak etetea izan da. Horretarako, elektrizitatearen, Interneten eta bestelakoen etetea erabaki du eraso bortitzenak egin dituenean; komunikazio zulo beltz bat sortuz egun batzuetan.

Orain, horrek denak porrot egin ostean, beste pauso batzuk ematen ari da. Bere militarren alde positiboa erakutsi nahi du militarrekin batera doazen kazetarien bidez, eta kanpoan sostengua erakutsiko duten elkarretaratzeak egin nahi dituzte, bertaratzeko jendea ordaindu behar badute ere.

Eliteak eta horiek kontrolatutako komunikabideak ez dira nahiko izan oraingoan informazioaren ildoari eusteko, eta horrek ere zer pentsa eman beharko liguke. Komunikazioaren mundua asko aldatu da eta Gazako sarraskiaren ondoren ez da inoiz berdina izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.