Buru osasun arazo gehiago ditugu orain garai batean baino? Edo aitortu eta landu egiten ditugula da aldatu den gauza bakarra? Horra soka luzeko galdera parea edozein bazkaloste janzteko. Erantzun egokiena edozein dela ere, begi-bistakoa dena zera da: azken lauzpabost urtean gaitz psikologikoena hizketagai arrunta bilakatu zaigu. Hasi gara gure egonezin eta ondoezei izena jartzen, konpartitzen, eta elkarri nola lagundu arakatzen. Eta ez lagunartean bakarrik: telebistaren aldaera guztietan izan du oihartzuna. Tertulietan, albistegietan, reality show-etan. Futbol jokalariek ere, dominak irabazten dituztenean, euren psikologoa aipatzen dute esker onez.
Euskarazko telebista ez da gutxiago izan. Eta denen artean,—Ur handitan, Ta Bihar zer?, Abiapuntua eta abarren gainetik— gidoilari-kazetari bat izan da horren erantzule nagusi. Iñigo Antsorregi Dierez azkoitiarra. Korapiloak izenpean, Biba Zuek saioaren azpiatal izan diren 34 elkarrizketa egin ditu telebistan, baita 24 podcast atal ere. Lehenago ere hitz egina zuen buru osasunaz: Nire minaren etxean liburuan kontatu zuen depresioan igarotako aldiaren berri. Eta bertatik, mina barruan eraman duenaren eskarmentutik, asmatu du elkarrizketatuei korapiloak ahoskatzeko espazioa eskaintzen. Bullying-az, agerraldi psikotikoez, adikzioez edo antsietateaz hitz egin du haiekin, patxadaz, sentsazionalismorik eta zurikeriarik gabe. Baina liburuan egin zuen moduan, umoreari, tamainan, lekua eginez.
Antsorregiren galdera zaintzaile eta eskuzabalen neurria ematen du harekin elkartu direnen zerrenda luzeak. Besteak beste, Miren Larrion politikari ohia izan da harekin, baita Garbiñe Larrea eta Xabin Fernandez ere. Baina ez da elkarrizketatuen zaintza Korapiloak-ek egin duen ekarpen bakarra. Ikus-entzulea hezi eta epeltzeko lana ere izan du. Gaitzei hitzak eta izenak jartzeak ez du, bere horretan, inor sendatuko. Baina ondokoaren mina ulertzeko gaitasuna lantzeko moduko edukia da sortu dutena. Gure ezinegon antzekoak dituztenak aurkitzea denontzat da lagungarri, eta zulotik ateratzeko gai izan direnen testigantzak entzuteak itxaropenerako leiho txiki bat ireki dio, seguru, bati baino gehiagori. ETBk ondo egindakoen zerrendan, goi samarrean jartzekoa hori ere.

EKOGRAFIAK
Korapiloak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu