gorka julio
Korrika

Korrika ikertzen

2024ko martxoaren 23a
05:00
Entzun

Korrika fenomeno sozial moduan ere ikertua izaten ari da etengabe. EHUko ikertzaile talde batek #korrika22-ko aztarna digitala aztertu du, eta ondorio interesgarriak atera ditu bertatik.

Zehaztasun handirik gabe, buruz ia, beste hiru lan gogoratzen ditut: Edorta Aranak, Bea Narbaizak eta Libe Mimenzak 2015. urtean egindakoKorrika, a Transmedia View; Arkaitz Zubiagak 2016. urtean egindako Euskahaldun: euskararen aldeko martxa baten sare sozialetako islaren bilketa eta analisia; eta Jon Zabalak, Susana Conejerok, Aitziber Pascualek, Larraitz N. Zumetak, Jose J. Pizarrok eta Itziar Alonso-Arbiolek 2023. urtean egindako Korrika, running in collective effervescence through the Basque Country: A model of collective processes and their positive psychological effects.

Azken horrek Durkheimenen teoria Korrikan ematen zela frogatutzat eman zuen. Teoria horren arabera: «Bilkura kolektibo batean parte-hartzaileen artean gertatzen den elkar elikatzea eta bat-egite emozionala giltzarriak dira prozesu kolektiboetan, eta iraun egiten du denboran». Ikertzaileen arabera, parte-hartzaileak integratuago sentitzen dira taldean, herrian eta komunitatean, kolektiboki ahaldunduago, eta, gainera, pertsonekiko eta gizartearekiko ikuspegi positiboagoa dute.

Julen Orbegozo Terradillosek, Enara Zarrabeitia Bilbaok, Ainara Larrondo Uretak eta Izaskun Alvarez Meazak eginiko ikerketa berriak sareetan #korrika22-an hedatutako informazioa, bereziki iruditeria, hartu dute kontuan. Azterketa demoskopiko digital horren bidez, argazki osoa baino, lagin bat hartu badute ere, zabaldutako irudien garrantziari begiratu diote. Bereziki orain dela bi urteko Korrikako ibilbide elurtuan furgoneta bultzatzen zutenen irudi ikonikoan ikusi nahi izan dute euskaldunaren metafora garrantzitsua: aurrera egiteko grina, konpromisoa, elkarlana… Korrika, euskal identitatearen edo nortasun kolektiboaren eraikuntzako ekintza inportanteenetako bat dela ondorioztatzeko. Beste hizkuntza batzuk baliatuz ere, ekimen aktibista biral global arrakastatsu bat sortzen da horrela.

Ondorioen artean, beste batek ere atentzioa ematen du: polemika edo gorroto diskurtsoen lausotze bat ere gertatzen omen da Korrikaren eraginpean. Horrek baditu irakurketa politikoagoak ere, baina gaur ez da horretarako eguna...


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.