gorka julio
Podcastak

Kulturkideak

2024ko apirilaren 6a
05:00
Entzun

Euskal kulturak hartzaileak, kontsumitzaileak, zaleak behar ditu. Deitzeko erak badu garrantzia, baina ulertzeko moduan, euskarazko kultura eskatuko, bilatuko, jasoko eta gozatuko duten pertsonak sortu behar ditugu.

Sormena garrantzitsua bada, plazak eskaintzea, hedabideen laguntza eta transmisioa izatea ere beharrezkoa da. Jende askok gauza bera esango zuen, baina nik Gotzon Barandiarani entzun izan diot, behin baino gehiagotan. Bide batez, kultur produktuak jasotzeko modu berriekin euskarazko ekoizpenek ahalmen handiagoa izan dezakeela ere esan liteke.

Podcastak, adibidez, bolo bolo dabiltza gurean ere. Euskal hedabide hedatuenek dituzte beren podcast propioak EITB, Argia, BERRIA, Naiz… Hedabide txikiagoek, irrati libre eta komunitarioek ere ekin diote lanari: Euskalerria Irratia, Bilbo Hiria, Antxeta, Arraio, TTanTTakun irratiak… Eskaintza eta hedabideen laguntza badago, beraz.

Hortik kanpo ere badira modu independentean jaiotako podcastak ere, batzuek gero hedabide horietatik anplifikatuak badira ere. Eskaintza zabala eta askotarikoa da, bakoitzari uzten diot podcast hauen inguruko informazio zehatza topatzea: _Bertikala_, Artxipielagoa, Barruan Gaude, Basilika, Beranduegi, Berria FM, Bilynch, Dunbala, Gure garaian, Haustura Metabolikoa, Holobiontea, Kinka, Lokatza, Lore Hostoak, Marruma kulturalak, Oroimen histerikoa, Radio Venceremos, Uhin ultramoreak, Xerezaderen Artxiboa, Benetan zabiz, Zozoak beleari

2005an hasi zen euskarazko podcast eszena martxan, eta ordutik asko hobetu da produkzioa. Esan dezakegu sormen krisirik ez dagoela. Hedabideek ere hedapenean laguntzen ari direla ere ondoriozta dezakegu; beti gehiago egin badaiteke ere, lan ona egiten ari dira.

Zertan ari gara ba gaizki egiten? Sormenean, baina ez edukien sormenean eduki horiek eskatu, bilatu, jasoko eta gozatuko dituzten pertsona horien sorkuntzan. Pertsonen desira-fluxuak ulertu behar ditugu eta horietan eragin. Batzuetan desira horiei erantzun bat emanez bai, baina beste askotan desira berriak proposatuz eta hedatuz. Zaleak sortuko dituen kultur sistema erreproduktibo bat behar dugu. Kulturgileak baditugu, kulturzaleak izateko, kulturkideak beharko ditugu. Zientziak dibulgazioa beharrezko duen bezala, kulturak kultur komunitatea eraikiko duten kide aktiboak behar ditu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.