Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Lagunak

2024ko apirilaren 11
05:00
Entzun

Izenburua irakurri eta nire belaunaldikooi telesail bakarra etorriko zaizue burura: Friends. Bada, gaurkoan, adiskidetasuna erdian duten lan batzuk gomendatzeko intentzioz etorri banaiz ere, saiatuko naiz nola edo hala telesail totemiko hiru saihesten.

Denboratxo bat da adiskidetasunaren gaiak nahiko harrapatuta naukala. Ez dakit hogeita hamarrak gainditzeak gure gizartearen estamentu hau gero eta gehiago baztertzera garamatzalako den, lanaren eta familiaren inertzia monopolistak eraginda; edota nik neuk, urteak betetzearen poderioz, benetako lagunak diren horien kopurua gutxitzen ikusi beste erremediorik ez dudalako. Kontua da iruditzen zaidala gai hau ez dela tratatu fikzioan behar duen tentu eta maiztasunarekin. Perfektuak ez diren arren, gaian sakontzen eta adiskidetasunaren garrantziaz jabetzen lagunduko diguten lau telesail aipatuko dizkizuet.

Las de la Ășltima fila. Daniel Sanchez Arevaloren 2022ko lan honek hogeita hamarrak pasata dituzten bost emakumeren bidaia bat kontatzen du. Haietako batek minbizia du, ez dakigu nork; eta, keinu solidario batez, bostek ilea arras mozten dute. Denboran gordetako herrak, konpondu gabeko liskarrak, baina, batez ere, bizi osoko adiskidetasunek sortzen duten samurtasuna eta sororitate baldintzagabea ditu erdigunean.

Erlauntza. Hau filma da, baina Euskal Herrian adiskidetasunaren inguruan egin den lan onena iruditzen zait. Hemen ere, hogeita hamarrak igaro dituzten sei emakume; horietako batek minbizia du, gainera. Ezberdintasun pare bat, ordea: antzezlana lehenagokoa den arren, filma 2020koa da; eta aurrekoak dramedia baten tonu solemnea duen bitartean, hau barrez lehertzeko komedia da.

Autodefensa. Bartzelonan bizi diren bi lagun gazteren abenturak kontatzen ditu. Ados, baliteke adiskidetasuna ez egotea Belen Barenys eta Berta Prietoren telesailaren ardatzean; baina egia da egungo gazteen belaunaldia ondo erretratatzen duten egoera lotsagabe asko dituela, eta bien arteko harremanak eszenatoki gisa funtzionatzen du.

Azken bat: Living Single. Friends oinarritu omen zuen 1993ko telesaila: hogeitaka urteko gazte talde baten bizitza eta euren arteko adiskidetasun harremanen gorabeherak New Yorken. Ezberdintasuna? Lagun horiek, baita sortzaileak ere, afro-amerikarrak direla. Atera kontuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.