Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Landatartasuna

2023ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Euskal herritar gehienok hiri eremuetan bizi omen gara; eta COVID- 19 pandemiak batzuk landa eremuetara itzultzea edo ihes egitea ekarri bazuen ere, egia da gurean ere gertatzen ari dela landa eremu batzuen hustea, edo, eta ez dakit okerragoa den, hiritartze bat —aditu batzuek greentifikazioa deitu dutenaren ondorioz—. Hau da, hirietatik landa eremuetara ongizatearen bila doazen hirikume batzuek bertako biztanleen ohiko bizimodua kolokan jartzen dute, jasangarriagoak omen diren ohiturak inposatuz. Hori bai, wifi hedadura on edo garraio sare on bati uko egin barik.

Eta zer harreman du horrek irratiarekin? Duela hilabete batzuk hona ekarri nuen moduan, historian zehar euskal irratiek lotura estua izan dute baserriarekin.Eta gaurko programazioetan ere nekazaritza eta abeltzaintza hizpide duten irratsaioak eskaintzen dira; adibidez, Xorroxin irratiko Ur eta Lur, Euskadi Irratiko Landaberri edo Bizkaia Irratiak lehenengo sektoreari buruzko albisteei eskainitako sail berezia.

Gaur, berriz, hona ekarri nahi dut landa eremuan sorturikoa den arren, kultur irrati moduan definitzen den irrati bat, Arabako Mendialdea suspertzeko proiektu zabal baten barruan kokatzen den Mendialdea Irratia, alegia. Arraia-Maeztu, Bernedo, Kanpezu, Harana, Lagran eta Urizaharra udalerriak barnebiltzen dituen kuadrillan kokatuta, Internet bidez emititzen du eta, bere aurkezpenean dioen arabera, «Arabar Mendialdetik, landatar kontaketa eguneratzearen bidez, arrakala kontzeptuala ixten. Beti kulturaren bidez».

2020an sortu zen, kultura eta arte eszenikoei lotuta, eta inguruko aktualitateak, gai sozialek, elkarrizketek, soinu fikzioek, poesiak edota bertako eskoletako ikasleek egindako saioek lekua dute bertan. Zuzeneko programaziorik gabe, podcast formatuan entzungai jartzen dituzte saioak. Magazina hamabostero argitaratzen dute, baina gainerakoek ez dute maiztasun zehatzik. Euskarari garrantzia ematen diotela adierazi arren, audio eduki gehienak gaztelaniaz eskaintzen dituzte; euskaraz eskaintzen dituenen artean, Uxue Alberdiren Ibaiak kontakizuna eta Mendialdea IPIak egindakoa ditugu.

Hurrengo asteburuan Kuartangon izango den Landa Kedada Handian parte hartuko dutela iragarri dute, «landartasun berri baten» aldarrikapena egiteko indarrak batzen, beste eragile batzuekin batera, eta ziur nago horren berri ere emango digutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.