Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Lardaskeriaren Goya

2015eko otsailaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ikus-entzunezko euskal profesionalak sarituak ikusteko ilusioarekin piztu genuen askok telebista larunbat gauean. Eta masokak bagina legez, indartsu pantaila aurreran iltzatuta geratu, Goya sarien galak torturatu gintuen arren.

Informe Semanal-ek eman zion sarrera ospakizunari. Erreportaje saioak prestaketaren nondik norakoak azaltzen zituen bideoa eskaini zuen azkena. Errealizazio kontroletik entzun ahal izan genuen off-eko ahotsaren azpitik nola ematen zituzten estreinako aginduak: «Barru! Kareta, playback» hitzekin. Playback, horixe bera Ana Belen eta Eduardo Noriegak egin zutena, beste hainbat aktorerekin batera. Artean, Resistiré abestiaren letra ahaztua zuen 89 urteko Asuncion Balaguerren lehen planoa ikusi genuen. Bai bizi duenarentzat zein ingurukoentzat, gogorra da zahartzaroa. Kontrakoa esan arren, jaialdiak Balaguer handiarekin izan ez zuen errespetuz eta maitasunez bizi beharrekoa.

Urte osoan aski nekatu duen Dani Rovirak aurkeztu zuen emanaldia. Bere lurraldetasun tematzeak Canal Surreko saioren baten tankera eman ziezaiokeen ospakizunari. Txiste herdoilduak eta hitz antzuek harilkatutako naturaltasunik gabeko loturek eutsi zuten gida lana.

Aldarrikapenetarako tartea hartu zuten. Aurten Candela Peñarik ez, baina Rovirak berak ziztada gozoegia eskaini zion Wert jaunari. BEZa jaisteko eskatu zuen Enrique Gonzalez Machok diskurtso amaigabearen hasieran. Neurri beharrezkoa da, ez ordea film laburrak bigarren mailakoak ez direla esan ondoren, bigarren mailakotzat hartzea berak egin zuen bezala.

Lotsagabeki saririk gabe utzi zuten Jose Sacristanen burutik zer pasa zitekeen jakin nahi nuke, oholtzan irrigarriki betaurrekoak sudur puntan jarri zituen Antonio Banderas ikusten ari zenean. Banderasen plano duin bat hartzea ezinezkoa izan zuten kamerek. Zer esan, ikusi behar ez ziren baina ikusten genituen irudiez. Edo soinuaz. Tiro batetik bestera aldatzeko kamera ekortze zentzugabeen ikusle izan ginen behin eta berriro. Hiruzpalau minutuko klake dantzan xehetasun plano bakarra eman ziguten. Sarituen eskertzetansoinu arazoak eta abar.

Motelegia. Ahaztu gabe, Alex O'Doghertyk egindako zentzugabekeria, ziur aski, pantailatik desagerraraziko duena epe batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.