gaizka izagirre
'Ekografiak'

Larrialdietako gordintasuna

2025eko apirilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Behin baino gehiagotan aipatu dut zutabe honetan ospitaleetan girotzen diren telesailak ez ditudala bereziki gustuko. House ikusi nuenetik, ordea, nire ikuspuntua apur bat aldatu da eta, geroztik, oso gustura ikusi ditudan zenbait izenburu estreinatu dira: Polseres vermelles, Nurse Jackie, eta bereziki This Is Going to Hurt eta The Knick aipatuko nituzke. Azken bietan, jorratzen duten gaiaz harago, hizkuntza zinematografikoak eskaintzen dituen erremintak ezin hobeto zukutzen dituzte; nortasun handiko lanak dira.

Multzo horren barruan berriki ikusi dudan izenburu bat sartuko dut: The Pitt. Askok uste dutenaren kontrara, The Pitt ez da ER: Urgencias telesail mitikoaren sekuela edo jarraipen bat, izaeragatik hala dirudien arren. Tira, izaeragatik eta batez ere dituen osagaiengatik: protagonistetako bat berbera da (Noah Wyle), baita sortzaileak ere (R. Scott Gemmill eta John Wells) eta, gainera, ospitale bateko larrialdi zerbitzuetan girotuta dago.

Pittsburgh Trauma Medical Center ospitaleko larrialdietako hegalean girotutako proposamena da. Kolapsatzeko zorian dagoen sistema baten jarduera frenetikoa erakusten du, larrialdietako buruak (Noah Wyle) ahal duena egiten duen bitartean. Artatuak izateko zain dauden pazientez betetako ospitalea da ikusiko duguna; behar baino langile eta ohe gutxiago daude, eta profesionalak alde batetik bestera korrika ikusiko ditugu.

Telesail baten eta bestearen arteko desberdintasunik handiena istorio nagusia aurkezteko erabiltzen den malabarismo narratiboa da: irauten duen hamabost ataletan, lanegun batean gertatzen dena soilik ikusiko dugu. Ez hori bakarrik, larrialdietako taldearen eguneroko txanda osatzen duten hamabost ordu trinkoak denbora errealean (gutxi gorabehera) azaltzen dira. Hamabost atal, hamabost orduko jarduna. Eskema horrek tentsioa, urduritasuna eta larritasuna areagotzen ditu, bai pertsonaiengan baita ikuslearengan ere. Telesailak ez du etenik, erritmoa etengabea eta oso bizia da, frenetikoa.

Nahiko gordina ere bada (zentzu guztietan); hildakoak azaltzen dira, odola, zaurien lehen plano esplizituak, paziente histerikoak, langileen eta nagusien arteko istiluak eta abar. Dramatismoa badago, baina baita gizatasuna ere. Ez du generoa berrasmatzen, baina atal bakoitza esperientzia xurgatzailea eta guztiz liluragarria da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.