gaizka izagirre
'Ekografiak'

Lau hormen artean

2025eko azaroaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau horma. Kontzeptu sinple baina indartsua: babesleku bihur daitekeen eremu itxia, baita klaustrofobiaren eta isolamenduaren iturria ere. Metaforikoki, kartzela emozionala izan daiteke, sentimenduak giltzapetuta dauden lekua. Antzerkian, laugarren horma ikuslearen eta eszenaren arteko pareta imajinarioa da, ikusten ez den baina sentitzen den muga.

Ibon Kormenzana bizkaitarrak kontzeptu horrekin jolastu du Cuatro paredes bere lan berrian. Sofiak, 10 urteko neskatoak, aita bat-batean galdu eta amarekin bizitza berri bati aurre egin beharko dio. Elkarrekin, inoiz imajinatu ez zuten errealitate baten aurrean aurkitzen dira: egonkortasuna eta pobrezia bereizten dituen marra fina haien oinen azpian amiltzen ari da.

Hamabi plano sekuentziatan filmatua dago, sekuentzia bat urteko hilabete bakoitzeko; hautu formal hau ez da funsgabea: kamera une oro presente dago, baina ez du oztoporik eragiten, libreki jolasten du, eta bi pertsonaien arteko harremanaren marra marraztuz doa. Garapenean lagundu, denboraren pertzepzioa elikatu eta une emozionalak indartzen ditu.

Filmaren arima bi protagonistetan dago: Esti Urresolaren 20.000 especies de abejas film zoragarrian ezagutu genuen Sofia Oterok eta Manuela Vellesek lan ikusgarria egiten dute, bereziki Oterok. Ederra da Uda gau bateko ametsa antzezlanaren artean sortzen den harremana eta sinbologia. Elena Iruretak eta Ramon Bareak gorpuzten dituzten pertsonaiek ere garrantzia dute kontakizunean.

Etxearen kanpoaldea ia ez da ikusten, hortaz argiak eta argazkilaritzak garrantzi handia dute. Alejo Levisek sortu duen argi jokoak bizitasun berezia ematen die eszenei: leihoetatik sartzen den argi naturalaren eta etxeko argi artifizialen arteko dantza, neskatxaren amets uneetako kolore biziak lagun, errealitatearen mugatik kanpo kokatzen direnak.

Aitor Etxebarriaren soinu bandak aipamena merezi du: istorioari modu sotilean, eta inoiz irudien gainetik jarri gabe, laguntzen dion musika sortu du, une jakin batzuetan agertzen dena, sentimenduak isilpean areagotuz.

Amaitu aurretik eragozpen bat aterako diot: lastima da hain istorio indartsua izanik, eta Euskal Herrian girotua, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa izatea. Baina tira, badakizue: zoritxarrez, hau ez da lehen aldia, eta ezta azkena ere izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.