Lehena: Euskal komunikazio esparruarentzako albiste pozgarri bat izan da aste honetan. Beste euskal irrati bat jaio da: Naiz Musika. Emititzeko lizentzia ere badu, eta, oraingoz, Bilbon FMko 101.1ean eta Gasteizen FMko 87.7an eta 90.4an aurki daiteke; aurrerago sintonizatu ahalko da Donostialdean. Baina Internet bidez munduko edozein tokitatik entzuteko modua badago jada. Naiz Irratia aurrerapausoak ematen ari da, eta, are, azkeneko urteetan gorantz egiten ari da euskarazko komunikabide hori. Euskal Herriko musika eszena indartsu dago —Badok atarian aurkitu daitezkeen kanta berriak, bideoklipak, diskoak eta elkarrizketak dira horren erakusgarri—. Horrenbestez, beste eremu edo leiho bat izateak onurak baino ez dizkie ekarriko euskal musika taldeei eta bakarlariei. Berez, Gaztea irratia izan da euskal musikagintzaren eremuetako beste bat, nahiz eta atzerriko musikak leku oso handia bereganatu duen. Beste kontu bat da irrati horretako langileen egoera: martxoaren 6rako greba deialdia egin zuten, eta bertan behera utzi zuten gero. Baina protestan jarraituko dute. Baldintzak hobetzeko eskatzen dute: animatzaile musikalaren figura desagertzea, erredaktore kategoria aitortzea eta kategoria horren barrenean aurrera egin ahal izatea. EITBko zuzendaritzak erantzun die 21 hilabeteko epean emango diela erabakien berri, eta auziak ez du itxura onik.

Bigarrena: EITB taldearen barneko beste auzi bat makillatzaileena eta ile apaintzaileena izan da. Langile horien ordezkariek ohartarazi zuten zerbitzua azpikontratatzean EITBk ez zuela subrogazio betebeharra txertatu, eta Imagenmania enpresak ez zuela bermatzen halakorik; enpresa horren esku egongo da makillatzaileen eta ile apaintzaileen zerbitzua apirilaren 14tik aurrera. Miramongo egoitzako (Donostia) makillatzaile eta ile apaintzaileek, ordea, akordioa lortu dute: adostu dute soldata %8,3 igotzea, lanaldia laburtzea eta subrogazio eskubidea bermatzea, eta, beraz, bertan behera utzi zuten asteartean hasitako greba. Soldata 2026tik 2028ra bitartean KPIaren gainetik handitzea ere hitzartu dute.

Hirugarrena: asteazkenean, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarrean, EITBren Kontrol Batzordean. EH Bilduk eskatuta, Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin behar zuten EITBren Social Media eta eitb.eus-eko zuzendari Nagore de los Riosek eta EITBko Giza Baliabideen zuzendari Izarne Arrigainek ere, baina ez ziren azaldu. EH Bilduko legebiltzarkide Garikoitz Mujikak «aurrekari larritzat» jo zuen agertu ez izana. Aldekoa nahikoa trakets mintzatu zen euskaraz batzuetan —hobeto aritu zen irakurtzen ari zenean—. Gaztelaniaz ari zela, berriz, hau bota zuen: «Euskara first. Horretan ari gara». Deigarria da EAJko legebiltzarkide Garikoitz Mendizabalek zer esan zuen De los Riosen gainean: «Euskara hobetzeko borondatea erakutsi du, eta nabari zaio». Beste alde batetik, EITBko erredakzio kontseiluek euskara «oztopo» gisa irudikatzea egotzi diote Aldekoari.

Laugarrena: Orain, Irabazi arte telesaila ematen ari da ETB, eta De los Rios euskara «hobetzen» ari bada, akaso telesaila ikusten ere ariko da; hala ere, Aldekoak adierazi zuen De los Riosek ez duela harreman zuzenik izango edukiekin. Errazago izango du Desagertuta telesailarekin, euskarazko bertsioa ez ezik gaztelaniazkoa ere izango baitu. Fikzio horren minutu batzuk ikusi ahal izan ziren Donostian, Crossover jaialdian. Proiekzio horretaz gain, askotariko ekitaldiak izan dira egunotan jaialdian. Twin Peaks-en atal pilotua (1990) pantaila handian ikustea esperientzia liluragarria izan zen —Angelo Badalamentiren musikarekin gozatzea zer esanik ez—. Skyshowtime eta Movistar Plus platafometan bazeuden lehendik Twin Peaks-en hiru denboraldiak, eta aste honetatik Filmin plataforman ere badaude. Carles Portak zuzendutako La caza del solitario dokumental saioaren lehen atala ere eman dute Crossoverren; modu paregabean kontatuta dago Jaime Jimenez Arbe El Solitario banku atrakatzailearen istorioa. Portak badaki ikuslea kateatzen, true crime generoa erakargarri bihurtzen. Crossover ez da plano sekuentzia bat, mozketak ere bai baititu, baina ekitaldi batek beste batera eramaten du telesailen zalea; solasaldi guztiak Youtuben ikus daitezke.

Kredituak: Lau plano sekuentzia lerroburua irakurri, eta askori Adolescence telesaila (Netflix) etorriko zitzaion burura. Gaizka Izagirrek eta Lide Hernandok ezin hobeki jaso dute BERRIAn telesailaren bikaintasuna —hamabi egunean, telesailak 66,3 milioi ikustaldi izan ditu—. Zerbait gaineratzekotan, proposamen bat: DBHko ikastetxe guztietan proiektatu dezatela, eta edukiaz gazteekin eztabaidatu. Ikus-entzunezkoen edozein eskolatarako ere baliagarria da telesaila.
Gertatu dira kontu gehiago aste honetan; kasurako, Alauda Ruiz de Azuaren eta Nagore Aranbururen Querer telesailak irabazi du Lilleko (Frantzia) Series Mania jaialdiko sari nagusia. .