Aspaldian, The Handmaid’s Tale-ko protagonista Juneri gutun bat idatzi nion etxe honetatik. Telesailaren azken-aurreko denboraldia 2022an estreinatu zela eta, urrun sentitzen nuen bere istorioa; eta hura amaitzen ikusteko desira ahanzturarekin lehiatzen ari zen nire baitan. Bada, ia hiru urte igaro ostean, gurean dugu azkenik telesailaren azken denboraldia.
Denboraren elastikotasunak hasiera eta bukaera konparatzeko lan zaila jartzen didan arren, gauza oso garrantzitsu batez oroitu naiz: zein momentutan galdu genuen Juneren narratzaile ahotsa? Izan ere, telesailaren hasieratik hoberen oroitzen dudan gauzetako bat bere jario poetikoa da; kasik Margaret Atwood telebistako bozgorailutik sartuko balitz bezala. Baina jada ez dago, eta beste gauza batez ohartzeak ere asko mindu nau: aspertu naizela Juneren borrokaz. Ez nazazue gaizki ulertu: noski nahiko nukeela Gileadik ez existitzea, eta noski batzuetan bere gorrotoarekin enpatizatzen dudala. Baina seigarren denboraldia dugu bere lehen planoko arrangura aurpegi horrekin; zenbat minutu egingo zituen guztira Elizabeth Mossen lehen plano horrek? Ziur nago norbaitek Youtuben bildumaren bat egin duela.
Hala ere, berau faltan botatzearen truke, telesailak eman dit opariren bat edo beste. Niri dagokidanez, bi gaizkileren istorioek intrigatu naute gehien: aunt Lydiarenak eta, noski, Serena Joyrenak. Hori askotan gertatu ohi zait: heroiaren arkuak askotan ez baitu askorako ematen, hasieran zuen izaera noblea edukitzen jarraitzen du amaieran ere; baina gaizkileen izaerek pairatzen duten bilakaera biziki interesgarria suertatu ohi zait. Ez da eurekin lerratzeko gogoa dudala, ezta —momentu iheskorretan salbu— eurekin enpatizatzen dudala ere; baizik eta, besterik gabe, euren argi-ilunak Junerenak baino askoz ere interesgarriagoak direla ikusteko.
Jende asko kexaka ikusi dut telesailak protagonistaren helburua lortzeko hartzen duen denbora gehiegizkoa dela eta; zerbait lortuko duen aldiro, oztopoak jartzen dizkiotela nonahi. Niri, ordea, hori ez zait pisutsua egin: aitzitik, gustuko dut telesail batek, distopikoa izanda ere, errealista izateko egiten duen ahalegina; askatasuna ez baita gauetik egunera lortzen.
Oraindik bi atal gelditzen dira, eta ez dakit lortuko duten.