Eusko Legebiltzarrak proiektu pilotu bat eskatu dio Jaurlaritzari, eskoletan software libreko plataforma bat martxan jartzeko. Albisteak esperantzarako aukera ematen duen arren, sinatzaileen artean Google eta Microsoft hezkuntza sistema osoan sartzeko arduradunak izan direnak ere bertan egoteak mesfidantza eragiten du oraindik.
Aukeratu daitekeen konponbidea zein izan daitekeen kezkatzeko modukoa da. Hezkuntzari eta irakaskuntzari lotuta badago, Moodle tresnen artean egotea ezinbestekoa izango da. Moodle barnean izanik ere, beste hainbat tresna ere integra daitezke plataforma oso bat eskaintzeko.Zerotik hasi bainoago, beharbada interesgarriena Xnet-ek Bartzelonan garatutako eta probatutako software libreko Digital Democratic plataforma erabiltzea da.
Bigarren kezka plataforma nork gauzatuko duen erabakitzean datza. Orain arte, EJIEk izan du —eskola publikoetan, behintzat— Moodle eta beste hainbat baliabide kudeatzearen ardura. EJIEk kritika gogorrak jaso ditu azken urteetan, bereziki pandemian, zerbitzu akatsengatik. Garapena, arlo publikotik egin beharko bada, ondo eskalatua eta zerbitzu kalitate maila bat ziurtatzeko moduan egin beharko da. Kanpora atera beharko balitz, ezinbestean komunera bideratutako estrategia publiko garden eta argi batekin egin, bestela.
Hirugarren kezka, Googlerekin sinatutako akordioa bertan behera ez uztetik dator. Pilotu bat baino gehiago, software libreak hezkuntza integral, egoki, aurreratu eta euskaldun bat egiteko era hoberena sinisten duen erakundeak behar ditugu. Aukerak izateko, baliabide nahikoz ornitutako pilotua izan beharko du. Baina hala ere, aukera berdintasunaz hitz egiteko, Googlerekin sinatutako akordioa mahai gainetik atera beharko litzateke, eta Microsoftekin daudenak berraztertu, Hezkuntzan Librezale taldeak eskatu bezala. Gure jangeletan tokiko elikadura jasangarriaren bidez eragileek edo gurasoek antolatutako elkarte edo kooperatiba bat eta McDonalds leihan jartzea okurritzen zaigu, akaso?
Pilotuak aurrera egin dezan, guraso, irakasle, ikasle eta boluntarioek beren lana egingo dute. Zalantza gehiago ditut, neutraltasun faltsu honetan, erakundeek egingo dutenaz. Baina haien ardura da, onerako eta txarrerako. Leiho bat zabaldu da, atea erdi itxita mantentzen den arren.

IRLEN SAREA
Leiho bat zabalik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu