gaizka izagirre
'Ekografiak'

Limonov

2025eko apirilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur bertan Limonov filma iritsiko da Filmin plataformara; Kirill Serebrennikov zinemagileak zuzendua, Eduard Limonov errusiar idazle, poeta eta politikariari buruzkoa da. Gogotsu nengoen ikusteko, baina desengainu handi samarra hartu dut.

Filmaren une batean plano sekuentzia gogoangarri bat ageri da: protagonistak hainbat gertaera historiko zeharkatzen ditu, Txernobylgo hondamendia eta Berlingo harresiaren erorketa, adibidez, eta guztia garaiko musikaz girotuta dago. Eszena ikusgarri hori pelikulak dituen alde on eta txarren erakusgarri da.

Eduard Limonov kontraesanez eta gehiegikeriaz betetako pertsonaia bat izan zen, eta haren irudia, intrigazkoa bezain polemikoa; osagai guztiak zeuden, beraz, film mamitsu eta sakon bat osatzeko. Bada, ez. Tira, ez behintzat espero zen bezainbestekoa: harrigarria da narrazioan nagusi den azaleko ikuspegia eta gehiegizko estilizazioa. Aipatu dudan plano sekuentzia horrek agerian uzten du formaren —eta ez hainbeste edukiaren— alde egin den hautua.

Serebrennikovek teknika zinematografiko ugari erabiltzen ditu, hala nola formatu aldaketa bortitzak, zuri-beltzeko trantsizioak eta sekuentzia estilizatuak. Horiek guztiek maila teknikoan zirraragarriak eta ikusgarriak badira ere, indarra kentzen diote protagonistaren benetako konplexutasunari. Bideoklip batetik gertuago dagoen ikuspegi estetiko horrek traba apur bat egiten du.

Ben Whishaw aktore apartak jokatzen du protagonistaren rola, eta ohikoa den moduan interpretazio itzela eskaintzen du, intentsitatez eta ñabarduraz betea. Zoritxarrez, kontakizunaren sakontasunean baino estetikan enfasi handiagoa jartzen duen narratiba baten erruz, nabarmen mugatzen da haren jarduna.

Soinu banda iruditu zait filmaren zatirik interesgarrienetakoa: Massimo Pupillo italiarraren sinadura darama, eta Shortparis talde errusiarraren abestiak ere biltzen ditu. Talde horrek Tom Waits, Lou Reed eta Velvet Underground musikarien hainbat abesti ezagun berrinterpretatu ditu.

Pertsonaia liluragarri baten erretratu estilizatuegia da. Distira bisual horren atzean kontatzeko askoz ere istorio sakonagoa zegoelako sentsazioa uzten du. Lastima.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.