Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Londresen zati bat

2018ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Harroputz hutsa da, baina maite dugu. «Hercule Poirot nauzu, munduko detektiberik onena, seguruenik». Horrela aurkezten du bere burua fikziozko pertsonaiak, ikerketa kasu bakoitzean. Londresko bezero aberatsek kontratatu ohi dituzte detektibe belgikar horren zerbitzuak, modu pribatuan. Goi mailako gizon eta emakumeak. Egiazko erantzuna emateko azalpen zalantzagarria duten hilketei eta pertsonen desagertzeei. Metodo propioak eta ez oso konbentzionalak erabiltzen baditu ere, guztiek dakite Poirot Polizia britainiarra baino eranginkorragoa dela. Bultzada emozionalak eta usaimen zorrotzak gidatuta aritzen da ia beti. «Let's use our little grey cells» oihukatu ohi du hasi baino lehen. Arreta jartzen du gainerako pertsonaiek erreparatzen ez dituzten aspektuetan. Giza psikologiatik abiatuta, pertsonen jarrerak aztertuz. Hutsuneei behatzea. Poirot ez da atseden hartzen duten gizon horietakoa. Erretiroa hartua du, baina hain da handia haren interesa gertaera susmagarriekiko, non gaixotu egin daitekeen bi astez eskuen artean kasurik ez badauka.

Agatha Christie idazleak (Devon, Erresuma Batua, 1890) sortu zuen Hercule Poirot (Belgika, 1920-1975). «Arrautza itxurako burua du, sarritan alde batera okertua, eta berde iluneko begiak —distiratsu jartzen dira kasu berri bat agertzean—. Luxuzko bibote zaindua, dotore eta zehatz janzten da. Haren itxurak harrotasun handia hartuz». Irakurle askoren ustez, Christieren pertsonaiarik handienetakoa da Poirot. Horregatik, behin baino gehiagotan eraman dute zinemara eta telebistara. Azken adibidea Murder on the Orient Express filma da, Ridley Scott zinemagileak ekoitzia, eta Kenneth Branaghek zuzendua. Gu David Suchet aktorea (Londres, 1941) protagonista duen telesailera kateatuta gaude. Hamahiru denboraldi ditu (1989-2013), eta Filmin plataforman dago ikusgai. Guztira, 70 atal —jatorrizko hizkuntzan eta gaztelerazko azpidatziekin—.

Gozamena da telesailak eskaintzen duen aukera iraganeko Londres bisitatzeko; gizarte britainiarraren kode moralak trantsizio unean dauden garaia, hain zuzen. Poiroten bezeroen istorioak horren adibide dira. Bakoitzak bere arazoa dakar. Bakoitza bere errealitate propiotik dator. Korapilo ezberdin batekin. Londresen zati batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.