Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Maitasunak hiltzen du

2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
«Eduki pazientzia, eta ongi etorriak». 7azpi web telebistaren tarte berria da Kurba, aktualitate politikoari erantzuna emateko asmoz sortua. Etxetik etxerako elkarrizketez osatua eta 60 minutu ingurukoa, hain zuzen ere. Kameraren atzealdetik aurrealdera pasatu da Lander Garro —izan ere, bera da saioaren aurkezlea—. «Aspaldiko partez», kazetaritzara itzultzea izan da. Lehen atalean erakutsi duenez, ez dauka inolako arazorik kamera aurrean jartzeko, ezta galderak egiteko ere.

Telebista saio askotan egon da galderak prestatzen eta Garroren eskarmentua sumatzen da Kurba-n. Galderak oso bereak dira. Bestalde, lan egiteko askatasunaren seinalea ere bada hori. Itziar Ituño aktorea izan zen lehen elkarrizketatua. Ezagun zaharrak dira biak; izatez, hirugarren aldia da hari elkarrizketa egiten diona.

Armek hiltzen zuten lehen, eta maitasunak orain. Koronabirusaren garaian, elkar ukitzeak, gauzak usaintzeak, besarkada bat emateak... heriotza ekar dezake. Ituñok dio naturak bueltatu egin digula guk hari egindako kaltea. Euskal aktoreak koronabirusa pasatu zuen; ez zioten testik egin, eta arreta guztia telefonotik jaso zuen. Garroren ustez, une aproposa da gelditzeko eta hainbat gauzak benetan funtzionatzen duten galdetzeko. Non jarri dira baliabide ekonomikoak eta non ez? Puntu batean bat datoz elkarrizketatua eta elkarrizketatzailea: krisi honetan agerian geratu da aspektu ekonomikoak guztiaren gainetik jartzen ari direla. Axola den bakarra «produzitzen jarraitzea» da.

Garroren arabera, konprometitua eta ezkerreko pertsona da Ituño. Eta zer egin daiteke famarekin? «Bizitzak eman dit bozgorailu bat eta erabiliko dut gauzak aldarrikatzeko. Sailkatu egin behar da; izan ere, ezin duzu dena egin». Ituñok «kontu handiz» ibili behar dela dio; izan ere, esperientzia txarra izan zuen behin. Haren adierazpen batzuk testuingurutik atera zituen prentsak, eta sare sozialetan boikota eskatu zuten haren telesail batekiko. Baina horri esker ere ikasi du gauzak «beste modu batera hartzen».

Oro har, gustura ikusi nuen Kurba-ren lehen atala. Agian, pixka bat laburtuko nuke; bigarren erdian arretari eustea zaila izan zitzaidan eta gaiak merezi zuen. Bestalde, egia da «etxetik etxerako elkarrizketak ez direla aurrez aurrekoak bezain dinamikoak», baina emaitza nahiko naturala lortu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.