urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Maitatzea

2025eko uztailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gero eta okerragoa da Renferen aldirietako trenen zerbitzua. Datozen asteetan, gainera, tren zerbitzurik ere ez da izango Gipuzkoako geltoki batzuetan. Hori hala izanik ere, Renferen mezu batek erromantizismoa susta dezake: «Tren batek beste tren bat ezkuta dezake». Ejem.

Tren batean ezagutzen dute elkar Celinek eta Jessek. Vienan jaistekoa da Jesse, eta harekin joateko esaten dio neskari. Badoaz hirian paseoan, elkar ezagutuz. «Beste pertsona batekin konexio hori lortzea...», dio Celinek —Julie Delpy aktoreak—, begiek diz-diz egiten diotela. Hurrengo egunean hegazkina hartu behar du Jessek —Ethan Hawke aktoreak—, baina horren aurretik bizitzan hain gutxitan gertatzen den konexio hori biziko du. Bat egite erromantiko bat, hitzekin azaltzen hain zaila dena. Zirrara maitasun bihurtua; maitasun heteronormatiboa nahi bada, bai, ados. Tren geltokia, hurrengo goiza: elkar agurtu behar dute bi maitaleek. Richard Linklater zinemagilearen Before Sunrise (1995) filmak 30 urte bete ditu. Ongi zahartu da, zahartu baldin bada. Gau bateko maitemintzea irudikatu al da hain fin inoiz zineman?

Filma: 'Before Sunrise'
Julie Delpie eta Ethan Hawke aktoreak, 'Before Sunrise' (1995) filmean. BERRIA

Bederatzi urte geroago, Linklaterrek Before Sunset (2004) aurkeztu zuen. Delpy eta Hawke aktore berriz ere, baina baita gidoilari ere zuzendariarekin batera —lehen zatian, Kim Krizan aritu zen gidoilari—. Parisen daude orain bi pertsonaiak. Jesse liburu bat aurkezten ari da; hain zuzen ere, urte batzuk lehenago bizi izan zuen gau erromantiko baten kontakizuna egiten du horretan. Badoaz Frantziako hiriburuko kaleetan solasean, Sena ibaian ere bai. Celineren etxeraino joaten dira, eta han gitarrarekin abesti erromantiko bat kantatzen du anfitrioiak. «Hegazkin hori galtzera zoaz», esaten dio jostalari Jesseri.

Filma: 'Before Sunset'
Ethan Hawke eta Julipe Delpy, 'Before Sunset' (2004) filmean.

Paristik Greziako Peloponesora, handik bederatzi urtera. Before Midnight (2013) filmean, bikote dira Jesse eta Celine. Are gehiago, bi neska biki izan dituzte —Jessek badu seme zaharrago bat, beste andre batekin AEBetan izan zuena—. Lagun batzuek hoteleko gau bat oparitzen diete protagonistei. Gozo daude, haurrik gabe, baina halako batean, telefono dei batek aztoratu egiten ditu. Seme-alabek askotariko kezkak eragin dizkiete. Eta dena ez da Vienan bezala. Ezin du izan. Inoiz ez da lehen gauean bezala. «Baina nik maitasuna eskaintzen dizut, eta hau benetakoa da», esaten dio Jessek Celineri. Ez dela lehen partea bezain erromantikoa? Baliteke, baina Before Midnight-ek ituan jotzen du. Zeren lehen gaueko konexioa bezain ederra izan daiteke eztabaida zailez beteriko maitasuna. Komunean —ez txiza egiteko lekuan—, bizitza. Hori ere bada maitemintzea, mintzea maite den bikotekidearekin.

Zinema maitatzea

The Before trilogy gisa gelditu da Linklaterren hiru hostoko hirusta. Duela urte gutxi batzuk, balizko jarraipen baten inguruan hizketan aritu ziren Delpy, Hawke eta Linklater. Baina ez da laugarren pelikularik izan oraino.

Filma: 'Before Midnight'
Ethan Hawke eta Julie Delpy 'Before Midnight' (2013) filmean. Trilogiako azkena da hori. BERRIA

Alferrik da aipatzea laugarren hori behar den ala ez. Hiru filmak hor daude streaming plataforma batzuetan, ikusi ez dituenak besarkatzeko zain.

Wong Kar-Wai zinemagilearen In The Mood for Love filmak baditu 25 urte dagoeneko. Horretan, begiradek eta gorputzen koreografiak limurtzen zuten. Seduzitzen zuten, erromantizismo erakargarriz. Beste modu batekoa da tren batean hasten den Before Sunrise-eko maitasun istorioa: badoaz hizketan protagonistak, hitzetan elkar kateatuz, pixkanaka erakarpena sentituz. Ez al da ederra hori zineman murgilduta sentitzea? Ba al dago ezer zinematografikorik maitasunaren lehen momentuak baino?

Kontua da maitatzeko modu asko badela. Maitasunak mugitzen duela planeta. Eta ez duela horrek derrigor loturik behar maitasun erromantikoarekin. Beste gai bat izango da, bada, baina ez al da ba indartsua lagun batekiko maitasun sentimendua? Senide batekiko (ia) beti irauten duena? Seme-alabekiko maitasuna, esplikatzen ere zaila dena?

Datozen igandeetan ez da egunkarian Pantailen artetik atala argitaratuko. Bueltatuko da udazkenean. Eta zinemarekiko maitasunak ekarriko ditu ekarri beharrekoak. Aretoetan itzaliko dira argiak, piztuko da musika. Euskaraz filmatutako lanak ere heltzear dira. Uda ostean, maitasun begiz begiratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.