Javier Ambrossik eta Javier Calvok Paquita Salas telesail dibertigarria sortu zutenetik, estreinatzen duten guztiak ikusmin ikaragarria sortzen du. Cristina Ortizen bizitza kontatzen duen Veneno aparta da, baina La Mesias euren obra gorena iruditzen zait.
Zuzendari eta gidoilari lanetan ez ezik, ekoizpenaren munduan ere aritzen dira: Suma Content izeneko ekoiztetxea eurek sortu dute. Berriki Mariliendre telesail musikala estreinatu dute, Javier Ferreirok zuzendua eta, kasu honetan, Ambrossik eta Calvok ekoitzia. Suma Content-en beste ekoizpen batzuetan bezala, gizartean baztertuak dauden horiek jartzen dira erdigunean.
Mariliendre gizonezko homosexualen zein bisexualen emakumezko lagun mina adierazteko erabiltzen den terminoa da. Termino hori konnotazio negatibo bati lotuta egon ohi da, ia mespretxuzkoa kasu askotan, baina denboraren poderioz karga negatibo hori galdu eta hitzak leku berri bat aurkitu du. Kontzeptu hori izan da Javi Ferreiroren motorra fikzioa martxan jartzeko; ahotsa eman nahi izan die urteetan iseka ugari jaso dituzten emakume horiei guztiei.
Telesailaren Mariliendrea Meri Roman da. Madrilgo gay eszenako diva izandakoaren egunerokoa hankaz gora jarriko da aitaren heriotzaren ondorioz; gertaera horrek iraganeko adiskideekin erlazioa berpiztera bultzatuko du. Iragana gogoratu eta aurrera begirako bide berri bat zabalduko dute elkarrekin.
Ekoizpena ikusten hasi eta segundo gutxira, deigarriena abestiak eta une musikalak dira. 2000ko hamarkadako espainiar abesti ultraezagunen entsalada osatu dute sortzaileak, Caribe Mix tankerako disko zaharkituetako arrakastez osatua: Monica Naranjo, Sonia eta Selena, OBK, Azucar Moreno, Chenoa edota Eurovisioneko hainbat hit ere. Bideoklip kutsua duten une zoragarriak dira, eta ezin hobeto eginda daude, baina fan service gehiegi dagoela iruditzen zait: jariatzen duen nostalgia etengabearen lurrinak eragin gehiegi du ikuslearengan, apur bat manipulatzailea da.
Hala ere, biziki gomendatzen dut proposamena, nortasun handiko unibertsoa sortu baitute pertsonaia bizi, estetika landu eta pertsonaiekin dantzan egiten duen kamerari esker. Omenaldiaren eta adiskidetzearen artean mugitzen den eztanda emozional eta bisual liluragarria da.