Izenburutik jakin-mina piztu dit saioak: match ingelesezko hitzarekin lotu dut, eta kirolaz ari denez, partida edo norgehiagoka etorri zait burura. Lehenengo bi atalak entzun eta gero, ordea, sare sozialetan, bereziki harremanei buruzkoetan, bi pertsonaren arteko afinititatea agerian uzten duen berbaz ari direlakoan nago. Edo —baliteke— biekin, eta bide batez entzuleekin, jolasean aritzea. Ez dut baztertzen gonbidatuek dastatu beharreko matcha teari erreferentzia zuzena izatea Basque Team goi-mailako euskal kirolariak sustatzen duen fundazioak babesten duen podcast berriaren izenburuak. Aratz Losadaren gidaritzapean, maiatzaren 30ean abiatu zen saioa, eta dagoeneko bere mikrofonoetatik igaro dira Mikel Linazasoro eskalatzailea eta Eukene Larrarte txirrindularia. Hurrengo atalean Keoni Lasa surflaria izango dela iragarri dute. Horiei beste hiru kirolari gehituko zaizkie, orotara sei kapitulu osatu arte.
Elkarrizketa freskoa, arina itxuraz baina aldi berean gai sakonak ukitzeari muzin egin gabe; oso interesgarria iruditu zait Larrartek trans eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonek jasaten duten diskriminazioari buruz egiten duen gogoeta. Kirol eta kirolarien ohikoa ez den ikuspegia azaltzen saiatzen da. Probokatzailea eta jostalaria da, eta gonbidatuak proba batzuk gainditzera behartzen ditu aurkezleak. Batetik, pertsona batzuk aipatuz, norekin matx egingo lukeen galdetzen dio elkarrizketatuari; bestetik, indar- eta abilezia-jokoak egitera gonbidatzen du, eta, azkenean, soinu- edo entzuketa-asmakizuna proposatzen dio. Hau da, segur aski entzuten dutenek hobeto ulertzen duten txapelketa. Izatez, bideopodcasta da Matx, baina zenbait euskal irratitan emateko ere sortua, eta, beraz, entzule soilari ere zuzendua. Une jakin batzuetan pantailari begiratu behar izan diot solaskideak zertaz ari ziren jakiteko (adibidez, tea edatean isilik geratu direnean edo pertsona baten argazkia erakutsi eta nor den azaldu ez dutenean); hala ere, oro har erraz aditzen den saio freskoa da, esaterako, hondartzan entzuteko egokia.
Kirol saioa dela aprobetxatuz, azpimarratu nahi dut nola eskertzen den sasoi honetan futbola ez diren beste kirolek gure parrillak hartzea, nahiz eta eten hau oso laburra den eta udako sugeren bat edo beste jasan dugun. Bitartean, ligen egutegiak eta taldeen entrenamenduak jada heldu diren arren, txirrindularitzaz eta estropadez goza dezagun!