Atzo bere talaiatik esan zuenaren parekoa esan dezaket nik ere; Galarragak sekula izango ez duen pribilegio bat izan dut. Tira, edo bi. Batetik, bera zutabekide izatea. Eta bestetik, urteetan kazetari lanak fruituren bat ematea, eta horrekin gozatu eta sufritzeko aukera aberasgarria izatea. Dioenez, Galarraga ez dugu sekula kamera aurrean harrapatuko, baina nola da posible? Ez al zuen atzo Sautrela-n tokia egin diezaioten eskatu?
Horrela balitz, gauzak diren bezala, aho bete hortz esan dezaket biziki poztuko nintzatekeela. Etorkizuna arrakalatzen lagunduko ligukeen ikuspegi kultural anitza ezinbestekoa daukagulako aurrera egiten jarraitzeko. Badugu nondik biltzen hasi, batez ere, gure inguruan 2015. eta 2016. urteetan hainbeste gauza gertatu direla ikusita. Adibidez, sufritu dugu euskal hedabideen diru laguntzen jaitsiera, Kortxoenea bezalako espazio autogestionatuen itxiera, Baionako gaztetxearen irekiera, Busti edota Hertzetan saioak, gazteen ikus-entzunezko proiektu berrien jaiotza, Donostia 2016ren gauzatzea, Tabakaleraren irekiera, Itu literatur bandaren jaiotza, edota Jalgi euskal kulturaren plaza ibiltaria martxan jartzea. Horiek guztiak eta beste hainbat gertatu dira, kulturaren gurpilak etenik ez duelako. Eta eskerrak. Horrek esan nahi baitu gizartea bizirik dagoela, eta are garrantzitsuagoa dena: mekanismoak ez du fruitua sortzen, baizik eta fruitua mekanismoak. Hau da, kultur fruituak eraikiak izan ahal izateko, bere neurrira eraikitzen dituela mekanismoak, eta ez aldrebes. Historikoki ikasi baitugu punturen batean edo bestean zerbaitek porrot egin dezakeela, mekanismoa fruituaren aurretik sortzen denean.
Beraz, Galarragaren eskakizun ironikoa ez zait horren arrotza egin. Zergatik ez? Zergatik ez dugu izan behar kolore anitzetako kultura biltzen duen saio bat ikusteko parada gure telebista publikoan? Hamaika Telebistak Arte Kale saioarekin ereindako haziaren segida izan daiteke. Gaur egun gure inguruan sortzen ari den guztia, mugimenduak, sormen prozesuak eta artefaktoak analizatu eta kritikatzeko aukera emango digun plaza telebisatua izan daiteke. Kolore guztietako ikuspuntu kontrajarriek bat egiteko espazioa izan daiteke, kulturatik kultura sortzen jarraitzeko. Azken batean, horretan aurrera egitea ere denon ardura baita.

EKOGRAFIAK
Mekanismoak vs fruituak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu